Matrikulazio datuek ezaugarri bertsua izan dute azken urteetan: handitzen ari da ikasleen kopurua etenik gabe, sare eta maila guztietan. Aurten, esaterako, iaz baino 10.929 ikasle gehiago ari dira Hego Euskal Herriko ikastetxeetan; guztira, 357.000tik gora. Bada, ordea, joera horrekin bat ez datorren datu bat, Erlijioa irakasgaiari dagokiona. Itunpeko sarean igoera txikia izan da, eta sare publikoan, jaitsiera. Aurrematrikulazio kanpaina hasi berritan, Elizak salatu du eskola publikoetan gurasoei presio egiten ari direla Erlijioan izena ez emateko.
Eskubidea da ikasleek irakasgai hori jasotzea. Hori gogorarazi du Bilboko Elizbarrutiko gotzain Mario Izetak: «Eskolan errespetatu behar da hori». Espainiak eta Elizak sinatutako akordioak dio: gurasoentzat hautazkoa da, baina eskolentzat nahitaezkoa. Ikasle bat izanda ere eman behar dute.
Beste irakasgaiekin ez da gertatzen hori: gutxieneko ikasle kopuruak daude ezarrita. Horiek lortu ezik, ez dute irakasgaia ematen. Egoera bidegabea dela salatu du EHIGE gurasoen elkarteak. Areago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Espainiak ezarritako gutxienekoak baino erlijio ordu gehiago ematen dituzte, Jaurlaritzak hala erabakita. Gurasoen elkarteak dio ezinbestekoa dela irakasgai hori kentzea eskolako ordutegitik: «Ikerketek erakutsi dute ikasleek denbora gehiago behar dutela derrigorrezko ikasgaien edukiak barneratzeko. Eskola ordutegi osoa aprobetxatu behar da, Erlijioa edo Alternatiba kenduz».
Eskubideak kolokan
Erlijioa aukeratzen ez duten ikasleek —gehiengoa dira sare publikoan — ematen dute ordezko irakasgai hori. Curriculumeko atalak lantzea jarri izan dute mahai gainean, baina Elizarekiko akordioak ezinezko egiten du hori: han jasota dago erlijio ikasleek ezin dutela besteek baino ordu gutxiago jaso. «Familia batzuen eskubideak murriztu egiten du curriculum orokorra lantzeko aukera, beste irakasgaientzako orduak galdu egiten baitira». EHIGEk dio irakasgai hori kendu behar dela.
Datuek diote Erlijioaren hautua baztertzen ari dira gurasoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bost ikasletik bik aukeratzen dute irakasgai hori; sare publikoan nabarmen gutxiagok, bostetik bat pasatxok. 2009-2010eko ikasturtean 31.221 estudiante aritu ziren erlijio katolikoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aukera horri muzin egin zioten, ordea, 122.183k. Itunpeko sarean, berriz, 94.370k hartu zuten irakasgaia, eta 61.413k eman zioten bizkar. Nafarroan, zerbait handiagoa da Erlijioaren aldekoen kopurua.
Presioak izan du zerikusia irakasgaia gutxiago eskatzean. Hala salatu du Bilboko gotzainak: «Hezkuntza publikotik desagerrarazi egin nahi dute Erlijioa, era guztietako presioak egiten ari dira, eta familiei oinarrizko eskubideak ukatzen». Bat etorri da harekin Jose Ignacio Munilla, Donostiako Elizbarrutiko gotzaina. Gurasoek «askatasuna» behar dutela nabarmendu du gutun batean, eta salatu du oraingo egoera ez dela «samurra». Eskola publikoa hartu dute biek jomugatzat.
Ikastetxe publikoak eskubideak urratzen ari direlakoan, elkarte bat osatu dute hainbat gurasok eta erlijio irakaslek. Salatu dute eskoletan «entzungor» egiten dietela gurasoen hautuari. «Zailtasunak dituzte gurasoek, eta etsi egiten dute». Horren aurka ekimenak hasteko asmoa daukate.
Erlijioan izena ez emateko presio egiten aritzea egotzi die Elizak eskola publikoei
Gotzainek nabarmendu dute eskubide bat dela Erlijioa aukeratzea; curriculuma oztopatzen duela salatu du EHIGEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu