Ermuko Udalak azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzari, Zaldibarko zabortegiaren arriskuengatik

Jaurlaritzako ingurumen teknikariek irailean ikusi zuten zabortegiak mantentze lanen falta duela, eta arazoak daudela egonkortasunean eta iragazgaiztasunean.

Zaldibarko zabortegia, iaz. RAUL BOGAJO / FOKU
Zaldibarko zabortegia, iaz. RAUL BOGAJO / FOKU
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 3a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxi argitaratu dira Eusko Jaurlaritzako ingurumen teknikariek Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) egin zuten azken behaketaren emaitzak, eta garbi diote mantentze lanen falta duela, eta horrek okertu egiten dituela maldaren egonkortasuna eta iragazgaiztasuna. Bada, txosten horren ondorioak ikusita, Ermuko Udalak (Bizkaia) azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, mantentze falta hori dela eta. Izan ere, duela sei urte pasatxo zabortegian izan zen luiziaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak egin ditu egonkortze eta zigilatze lanak, enpresa, Verter Recycling, desegin egin baitzen. Jaurlaritzak ia 30 milioi euroko kostua izan duten lanak egin ditu 2020ko luizitik hona, besteak beste malda egonkortzeko.

Zehazki Mikel Jauregiri bidali dio gutuna Ermuko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuari. Aurreko astean jakin zuen udalak zer arazo dauden zabortegian. Ermuko alkate Beatriz Gamizek uste du kontua ez dela txikikeria bat, eta erantzun «sendoa eta dokumentuetan oinarritua» eskatu dio Jaurlaritzari.

Horiek horrela, udalak Jaurlaritzari eskatu dio 2020tik gaur egun arte egin duen guztia azaltzen duen txosten bat bidaltzeko. Gainera, arazo nagusia maldaren egonkortasunean eta iragazgaiztasunean dagoenez, gaur egun drainatze sistema nola dagoen azaltzeko ere eskatu dio, baita egonkortasunaren balorazio tekniko bat ere. Lixibiatuen isurketak eta luiziak saihesteko bermeak ere eskatu dituzte.

Inguruko udalekin batera bilera bat egiteko ere eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Izan ere, nahiz eta zabortegia Zaldibarren udal mugen barnean egon, inguruko udalei ere eragiten die, Zaldibarri baino gehiago batzuen kasuan. 2020ko luizia jazo zenean, hondakinek autobidea eta errepide nagusia hartu zituzten, eta Ermuko erdigunetik gertu iritsi zen.

Mantentze lanen falta

EH Bilduko Ander Goikoetxea legebiltzarkideak egin zuen dokumentazioaren eskaria, eta aurreko astearen amaieran jaso zuen. Txostenaren ondorio nagusia da instalazioak hondatzen ari direla mantentze faltaren eraginez, eta neurririk hartzen ez bada handitu egingo dela lixibiatuen isurketak gertatzeko arriskua, baita malda desegonkortzekoa ere.

2025eko irailean joan ziren teknikariak zabortegia ikuskatzera, eta 29 arau hauste zenbatu zituzten; zabortegiaren ingurumen baimen bateratuaren betetze maila «txikia» dela ondorioztatu dute. Izan ere, nahiz eta enpresa 2021ean desegin, lehengo jabeak dira oraindik zabortegiaren mantentze lanak egiteko arduradunak. Egonkortze eta behin-behineko zigilatze lanak Eusko Jaurlaritzak egin zituen, baina mantentzea haien esku dago, eta txostenek diote ez direla behar beste egiten ari.

Nolanahi ere, lixibiatuen isuriak jada gertatu dira, Gipuzkoako Urak erakundeak 35 intzidentzia erregistratu baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.