133 gazte identifikatuta, eta guztira 290.500 euroko isunak. Mozal legea aplikatuta, zigor hori jarri zioten 2023an Ernai gazte antolakundeari. Araua indarrean denetik Hego Euskal Herrian egon den kasurik esanguratsuenetako bat izan da, aurrez inoiz ikusi gabea. Txomin Aiartza Etxebarria antolakundeko kidea da, eta esplikatu du isun horien kontrako helegiteak aurkeztu zituztela, eta horiek Administrazioarekiko Auzien Gasteizko lau salatan banatu zirela. Epaiketa guztiak egin dituzte, eta sententzia guztien berri ere badute: Gasteizko ekintzei lotutako isun guztiak bertan behera utzi dituzte; Bilbokoei lotutakoak, ordea, ez. Epaile bakoitzak erabaki bat hartu du.
Ikusi gehiago
Bilboko ekintzei lotutako erabaki horietako bakoitza azaldu du Aiartzak, epaiketaren ordenaren arabera. Lehenbiziko saioa 2024ko azaroan izan zuten, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 4. salan. Epaileak zigorrari eta tipifikazioari eutsi die, eta 2.500 eurotik 1.800 eurora jaitsi dira isunak. Epaia ez da irmoa, eta antolakundeak Bilboko kasuei lotutako errekurtsoa jarri zuen —Eusko Jaurlaritzak, berriz, Gasteizko isunak bertan behera utzi izana errekurritu zuen—. EAEko Justizia Auzitegian dago kasua 2025eko otsail hasieratik, eta zain daude oraindik.
Bigarren epaiketa 2025eko ekainean izan zen, bigarren salakoa. Bilboko isunen tipifikazioa eta 2.500 euroko zigor ekonomikoak mantendu zituen epaileak, eta, epaia irmoa zenez, ez dago errekurtsoak jartzeko aukerarik. «Baina sententzia ez da bete, ez baitute itzuli Gasteizko isunei lotutako dirua. Betetzeko eskaria egin dugu, baina erabat geldirik dago», adierazi du.
2025eko urrian izan zuten lehenbiziko salaren epaiketa, eta azaroan atera zen argitara sententzia. Hori da lauretan adierazgarriena. Zertaz? Epaileak, Gasteizko isunak indargabetzeaz gain, Eusko Jaurlaritza auzibidearen kostua eta interesak ordaintzera zigortu zuelako; eta Bilboko isunak 2.500 eurotik 601 eurora jaitsi dituelako. Sententzia hori irmoa da, eta kasu horretan gazteei jakinarazi diete dirua itzuliko dietela; are, hasi dira itzulketa gutxi batzuk egiten, Aiartzak esplikatu duenez. «Epaiak oso garbi dio ekintza bera ez zela legezkoa izan, ez zelako komunikatu eta errepidea moztu zelako; baina zilegia izan zela, adierazpen askatasunaren baitan kokatzen delako», zehaztu du Aiartzak.
Azken epaiketa 2025eko azaroan izan zen, hirugarren salakoa. Bilboko kasuan, isunak minimora jaitsi zituen epaileak —601 eurora—, baina Eusko Jaurlaritzari ez zizkion kostuak eta interesak eskatu. Epai hori ere irmoa da, eta jendeari jakinarazpenak bidaltzen hasiak dira.
Isun guztiak bertan behera gelditu ez diren arren, Aiartzak nabarmendu du kasu honek «hausnarketa zabaltzeko aukera» eman beharko lukeela: «Protestaren, mobilizazioaren eta aktibazioaren ezinbestekotasunean berresteko aukera bat da, nahiz eta jakin [Eusko Jaurlaritzak] horrelako jarrerak izateko arriskua hor dagoela. Honek arlo politikoan eta judizialean aldaketak ekarri behar ditu: sakoneko hausnarketa bat egin behar da mozal legearen gainean, eta baita lege horren inguruan egiten diren interpretazio eta erabileren gainean ere».