‘Mozal legea’ aplikatuta, 32 milioi euro baino gehiago ordaindu dituzte euskal herritarrek 2015etik

Foruzaingoak, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak gutxienez 130.364 espediente zabaldu dituzte Hego Euskal Herrian.

 'Mozal legearen' kontrako protesta bat, artxiboko irudi batean. ELOY ALONSO / EFE
'Mozal legearen' kontrako protesta bat, artxiboko irudian. ELOY ALONSO / EFE
Isabel Jaurena.
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

8.500 euro eguneko. Kopuru hori ordaindu dute isunetan Hego Euskal Herriko herritarrek Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea —mozal legea erraten zaiona— indarrean jarri zutenetik: 32.597.090 euro, zehazki. Horra hor Espainiako Gobernuak Mariano Rajoyren (PP) agintaldian indarrean jarritako arauaren ondorioetako bat. Eta bertze bat: bataz bertze 34 espediente zabaldu ditu Poliziak eguneko, 130.364 guztira. Gogoan izan behar da, ordea, Espainiako Barne Ministerioak ebatzitako edo bururaino eramandako espediente kopurua soilik ematen duela; Foruzaingoak eta Ertzaintzak, berriz, irekitako prozedura guztien datua ematen du; beraz, litekeena da egunero 34 espediente baino gehiago zabaldu izana.

Ezkerreko alderdiek arau horren kontrako jarrera izan dute hasiera-hasieratik, eta ez erabiltzeko konpromisoa ere erakutsi izan dute bai Nafarroako Parlamentuan eta baita Eusko Legebiltzarrean ere. Zehazki, 2016ko apirilean Nafarroako Eledunen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen, non Nafarroako Parlamentuak mozal legea arbuiatzen zuela berresten zen eta «ahal bezain laster baliogabetzeko» eskatzen zuen. Bi hilabete geroago antzeko proposamen bat onartu zuten Eusko Legebiltzarrean. Bertzeak bertze, mozal legea ez erabiltzeko konpromisoa jaso zuten bertan. Baina bertzelakoa da errealitatea: alderdi horien aginduetara dauden polizia indarrek gero eta isun gehiago jartzen dute. 

2015eko uztailaren 1etik iazko abenduaren 31ra bitarteko datuak eskuratu ditu BERRIAk. Zehazki, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Foruzaingoak, Ertzaintzak eta udaltzaingoek irekitako espediente kopurua eta bildutako dirua. Espainiako Barne Ministerioak, baina, ez ditu iazko datuak zabaldu, eta, Foruzaingoak eta Ertzaintzak ez bezala, ebatzitako espedienteen kopurua soilik plazaratu du, eta ez abiatutako prozedura guztiena. 

Baina zertan datza arau hori? Mozal legea aplikatzeko, hiru arau hauste nagusi erabili ohi ditu Poliziak: legez kanpoko drogak kontsumitu edo edukitzea; baimenik gabe armak eduki, erakutsi edo erabiltzea; eta Poliziarenganako errespetu faltak izatea, desordena publikoak eragitea eta autoritateari desobeditzea. Azken atal horrek ekarri ditu gorabeherarik handienak. Arau hauste administratiboak dira: ez dago epailerik edo epaiketarik, eta poliziena da egiazkotasun printzipioa: iruditzen bazaie herritar batek ez diela men egin, salaketa jarri ahal diote. 

Orokorrean, gora egin du arau horren erabilerak; eta ez hori bakarrik: gora egin du ekintza baten aitzinean jarritako isun kopuruak ere. Kasu esanguratsuenen artean dago, erraterako, Ernai gazte antolakundearena: 2023ko irailean Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek jasotako espetxeratze aginduen kontrako protestak egin zituzten Gasteizen eta Bilbon. Protesta horietan 133 gazte identifikatu zituzten, eta guztira 290.500 euroko isunak jarri —1.500 euro eta 2.500 artekoak—. Aske antolakundeak ere antzeko kasu bat salatu zuen 2024ko ekainean: desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzita, guztira 153.600 euroko isuna jarri zieten —128 kideri jarri zieten isuna, 1.200 eurokoa bakoitzari—. Zigor horiek 2023ko abenduaren 30ean egindako ekintza batengatik jarri zizkieten: euskal presoei elkartasuna adierazteko Zaballako espetxera egindako martxa batengatik.

Isunak bertan behera

Bi kasu horietan Ertzaintzak zigortu zituen, eta bietan 2023an. Urte hori izan zen, hain zuzen ere, araua indarrean denetik Ertzaintzak diru gehien bildu duen aldia, ia bi milioi euro: 1.940.539, zehazki. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak eman ditu Ertzaintzak, eta zehaztu ez dauzkatela datuak herrialdeka banatuta.

Polizia horrek zabaldutako espediente kopuruari dagokionez, orokorrean, goranzkoa izan da joera: 2015etik 2019ra bitarte gora egin du, etengabe; 2020an jaitsi egin zen —4.888 espediente zabaldu zituzten, aurreko urtean baino %14,5 gutxiago—, eta 2021ean nabarmen handitu —9.173 espedienteraino—. Bi urte horietan zabaldutako espedienteetako anitz mozal legearen 36.6 artikulua ez betetzeagatik zabaldu zituzten, alarma egoerari lotuta. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina, legez kanpokotzat jo zituen bi alarma egoerak, eta, beraz, ordu hartan zabaldutako espedienteak bertan behera uztera behartu zuen. 

Araua indarrean egon zen lehenbiziko urte osoa eta iazkoa alderatuz gero, Ertzaintzak zabaldutako espediente kopuruak %130 baino gehiago egin du gora. Eta jasotako diruari dagokionez, berriz, 2016an jasotakoa halako bortz bildu zuen iaz

2022a izan zen Ertzaintzak espediente gehien zabaldu zituen urtea —9.933—, eta geroztik beheranzkoa izan da joera, iaz berriz ere gorantz egin zuen arte: 7.301 espedienteraino. 

Gorabehera horiek tarteko, ondorioa argia da: nabarmen handitu da Ertzaintzak zabaldutako espediente kopurua. Araua indarrean egon zen lehenbiziko urte osoa eta azkena alderatuz gero, %130 baino gehiago egin du gora. Eta jasotako diruari dagokionez, berriz, 2016an jasotakoa halako bortz bildu zuen Ertzaintzak iaz. 

Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apenas duten eskumenik arlo horretan. Hala, guztira 6.404 espediente ebatzi zituzten 2015etik eta 2024ra —Polizia horiek ez dute zabaldutako espediente guztien datua ematen, ebatzitakoena soilik—, eta 4.097.228 euro bildu. 

Ertzaintzak ez bezala, ministerioak herrialdeka banatuta dauzka datuak, eta badago desberdintasunik: Bizkaia da mozal legeak arrasto handiena utzi duen lurraldea; 2015etik 2024ra, guztira, 3.905 espediente ebatzi zituzten bertan —Gipuzkoan, 1.378, eta Araban, 1.121—. Urteei erreparatuta, Araban eta Bizkaian 2023an jarri zuten isun gehien, eta Gipuzkoan, berriz, 2020an. Hiru lurraldeetan, orokorrean, gora egin dute isunek, eta, Ertzaintzaren kasuan bezala, pandemiaren urteetan nabarmena izan zen gorakada hori. 

Eskumenak

Bertzelakoa da Nafarroako egoera: Guardia Zibila eta Espainiako Polizia dira diru gehien biltzen dutenak, 2015 eta 2024 bitarte 13.303.204 euro bildu zituzten. Foruzaingoak, berriz, 3.167.776 euroren zigorrak ezarri zituen 2015 eta 2025 bitarte. 

Espediente kopuruari dagokionez, badago aldea: hamar urtean 20.566 espediente ebatzi dituzte Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren artean, eta 11 urtean, berriz, 41.001 espediente zabaldu ditu Foruzaingoak. Bigarren kopurua handiagoa da zabaldutako espediente horiek guztiak ez direlako ebazten: helegiteak aurkezteko aukera dago, eta, herritarrak bide hori hautatzen badu, administrazioarekiko auzi prozesu baten bidez, afera epaileen eskuetara iritsiko da.

Espedienteen bilakaera aztertuz gero, Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako datuetan goranzkoa da 2015etik 2020ra bitarteko joera, eta azken urte horretan pilatu zen isun gehien: 4.901 espediente ebatzi zituzten, eta 3.129.928 euro bildu —Foruzaingoak 11 urtez bildu duen baino diru gehiago—. 2020tik 2021era bitarte, berriz, beherakada nabarmena da: %63koa. Hortik aitzinera, goranzkoa izan da joera, araua indarrean jarri zeneko datuak bikoizteraino: 1.253 espediente ebatzi zituzten 2016an, eta 2.658 2024an.

Foruzaingoari dagokionez, pandemia aitzineko eta ondoko datuak antzekoak dira; 2020an eta 2021ean dago alde handiena —6.815 eta 8.173 espediente zabaldu zituzten, hurrenez hurren—. Hain justu, 2019tik 2020ra %72 ugaritu ziren, eta 2021etik 2022ra, %65 murriztu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.