Ernaik 10.000 gazterekin batera hausnartuko du nola egin «urrats bat aurrera»

Euskal gazte oro duintasunez bizitzeko proposamen berri bat osatu du Ernaik, eta bederatzi afera jaso ditu. Hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko hainbat herritako gazteekin biltzeko erronka dute, proposamena aurkezteko eta osatzeko helburuarekin.

Amaia Arbeo eta Maddi Urruzuno Ernaiko bozeramaile berriak, gaurko prentsaurrekoan, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Arbeo eta Maddi Urruzuno Ernaiko bozeramaile berriak, gaurko prentsaurrekoan, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko irailaren 23a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ernaik Urrats bat aurrera kanpaina aurkeztu du datozen hilabeteetarako. Amaia Arbeo eta Maddi Urruzuno bozeramaile izendatu berriek eman dute egitasmoaren berri, Bilbon egindako gosari informatiboan. Euskal Herriko gazteen behar, kezka eta nahiak ardatz hartuz eta gazteek duintasunez bizitzeko dituzten beharrei erantzuteko, bederatzi aldarrikapen jaso dituzte. Proposamenarekin batera, Ernaik gazte gehiagorengana heltzeko erronka jarri du. Horretarako, azaroa bitartean hainbat herritako 10.000 gazterekin egon nahi dute, proposamen berria osatzeko asmoz. Kanpaina aurkeztuko diete, eta haien ekarpenak jasoko dituzte.

Gazte antolakundeak maiatzean eman zion amaiera bere laugarren kongresuari, eta, Maddi Urruzunoren arabera, urte osoko prozesuaren ondoren bi konpromisorekin atera ziren: «Lehena, Euskal Herriarekiko dugun eta herri hau askatasunera eramateko dugun konpromisoa; eta bigarrena, euskal gazteriarekiko dugun konpromisoa». Urruzunoren arabera, horiei jarraikiz diseinatu zuten udan zehar abian izan duten kanpaina, eta bide horri eutsiko diote ikasturte hasieran aurrera eramango dutenarekin.

«Erakutsi nahi dugu garai hauetan badela beste aterabide bat eta irudikatzen ditugula beste etorkizun batzuk»

MADDI URRUZUNO Ernaiko bozeramailea

Amaia Arbeoren arabera, Euskal Herria eta mundua «bidegurutze batean» daude. «Kapitalismoaren fase berri bat zabaltzen ari da, are basatiagoa eta autoritarioagoa dena, eta horren baitan ulertzen ditugu faxismoaren gorakada, olatu erreakzionarioak, gerrak eta krisi ekonomikoa eta ekosoziala», azaldu du. Horiek hala, ulertzen dute Euskal Herriak ez duela herri gisa erantzuteko tresnarik: «Espainiako eta Frantziako estatuen baitan zapalduta gaude. Horregatik ezin dugu gure behar eta baldintza propioetatik erantzun». Gainera, gazteak testuinguru horretan are prekarizatuago daudela azpimarratu dute; horregatik, proposamen berria gazte ororentzako tresna izatea nahi dute.

Euskal Herriko gazteek duintasunez bizitzeko dituzten behar eta arazoei erreparatuz, bederatzi auzi edo afera jaso dituzte proposamenean. Behin horiek azaleratuta, kanpaina berriarekin frogatu nahi dute gaur egungo testuinguru berri honetan badaudela irtenbideak. «Erakutsi nahi dugu garai hauetan badela beste aterabide bat, eta irudikatzen ditugula beste etorkizun batzuk», baieztatu du Urruzunok. Aldarrikapen bakoitza sakonago aztertzeko webgune bat ere sortu dute.

AFERAK

  1. Etxebizitza duina.

  2. Euskaraz bizitzeko eskubidea.

  3. Kalitatezko garraio sistema bateratua.

  4. Eskubide zibil eta politiko guztiak.

  5. Enplegu duina.

  6. Hezkuntza sistema propioa eta doakoa.

  7. Zaintza sistema publiko komunitarioa.
  8. Larrialdi klimatikoari irtenbidea.
  9. Burujabetza osoa Euskal Herriarentzat.

Kanpaina berria aprobetxatuz, Ernaikoek gazte gehiagorengana heltzeko erronka dute. «10.000 gazterengana heltzeko helburua jarri dugu, ulertzen genuelako anbizioa izan behar genuela. Heldu nahi dugu Ernai oraindik iritsi ez den gazteengana. Horregatik, gure hurbileko geruzatik haratago joan behar genuela ulertzen genuen», azaldu du Arbeok. Bozeramaileak adibide moduan jarri du Gazte Topagunea: «5.000 gazte egoten bagara, are jende gehiagorengana iritsi behar dugula uste dugu». Horretarako, proposamena hainbat herritako gazteei aurkeztuko diete.

Pauso hori aurrera eramateko, lehenik eta behin herriz herri identifikazio lan bat egingo dute. «Gazteen zerrendak egingo ditugu», kontatu du Arbeok. Ondoren, proposamena azalduko diete, eta haien iritzi eta iradokizunak jasoko dituzte. «Alde batetik, proposamen hau aurkeztu eta elkarbanatu nahi dugu, eta, bestalde, gazte hauek honen inguruan esateko dutena entzun nahi dugu, sentsazioak jaso eta proposamena bera osatu ahal izateko», azaldu du Arbeok. Bozeramailearen arabera, Ernaik tresna izan behar du gazteriaren behar, nahi eta kezkak politizatzeko eta aterabide bat planteatzeko. «Horregatik egin dugu proposamena, eta horregatik da gure asmoa gazte hauek horren inguruan zer esan behar duten entzutea».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA