Ernai gazte erakundeak udako kanpaina aurkeztu du. Ekin eta bultza, askatasunera lelopean, hainbat ekinaldi egin asmo ditu, eta horien berri emateko bideoa zabaldu dute gaur sareetan.
Erregimen frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu dituela 50 urte beteko dira aurten, eta udako kanpainak hari eroale hori izango du. Ohar bidez jakinarazi dutenez, «Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin duten belaunaldiei aitortza egin, eta egungo gazte belaunaldiak Euskal Herria askatasunera eramateko indarrak batu eta bultza» egin behar du.
Udako jaien testuinguruan hainbat ekinaldi egingo dituzte, eta kanpaina Donostian amaituko dute, irailaren 14an, manifestazio batekin.