Ehunka herritarrek manifestazioa egin dute Arrasaten (Gipuzkoa), Felipe VI.a Espainiako erregearen bisitaren aitzinean protesta egiteko. Gurea Euskal Errepublika lelopean elkartu dira, Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak deituta. Erregeari adierazi diote ez dela «ongi etorria» Euskal Herrian.
Felipe Borboikoa Gasteizen egon da goizean, zientzia arloko ikerketa sari batzuk banatzeko. Ondoren, Aretxabaletan, Oñatin eta Tolosan izan da (Gipuzkoa), Mondragon taldeko zenbait instalazio bisitatzen.
Ernairen hitzetan, Espainiako Estatua frankismoak ezarritako logika politikoen «jarraipen gisa» ulertu behar da. «Gure herriaren kultura, hizkuntza, memoria eta borondate politikoa zapaldu eta garatzeko aukerak mugatu egiten ditu», adierazi dute. Hala, Euskal Herriaren «zapalkuntza nazionala eta soziala» errotzea leporatu diote Espainiako erregeari.