Kontxako estropaden bigarren asteburua aldarrikapen egun bihurtu du Ernaik. Gazte antolakundeak milaka gazte batu ditu Donostiako kaleetan, eta horiei guztiei dei egin die «Euskal Herriaren askatasunaren alde» borroka egitera. Izan ere, Amaiur Egurrola eledunaren hitzetan, ez da nahikoa «faxismoaren aurka egotea», hari aurre egingo dion «alternatiba integralak» behar dira, eta horixe da Euskal Herriaren «askapen borroka».
Manifestazioaren amaieran mintzatu zaie Egurrola bertaratutakoei, Bulebarrean egindako ekitaldian. Han, bozeramaileak egoeraren azterketa egin du. Argi du «garai erabakigarria» dela egungoa, eta ezinbestekoa dela hari erantzuteko prestatzea. «Orain arte ezagutu dugun mundua abiadura bizian aldatzen ari da, eta aurrerantzean, are gehiago aldatuko dela antzeman dezakegu». Izan ere, uste du kapitalismoaren «metaketa fasearen» amaiera martxan dela, eta horren ondorioz eredua aldatzen ari dela.
Baina norantz ari da aldatzen? Nork eta nola ardaztuko du? Hor dago gakoa, Ernaiko eledunaren hitzetan. Eta ohartarazpen bat egin du: «Autoritarismoaren gorakada olatu erreakzionario oso batekin batera dator». Horren adibide gisa jarri ditu neofaxismoaren zein diskurtso arrazista eta misoginoen zabalpena. Izan ere, uste du gizartean nabari den «atsekabea» horrantz bideratzeko asmo argi bat dagoela, eta horrekin batera «alternatiba askatzaile» oro ezabatzekoa, «guztiak dagoen bezala jarrai dezan».

Era berean, baina, uste du badela bestelako aldaketa bat egiteko «potentziala», eta alternatiba horietan sakontzeko beharraz mintzatu da Egurrola. Haren hitzetan, badaude «beste etorkizun bat posible dela sinesteko arrazoiak», eta Euskal Herrian horren adibide ugari daude: azken urteetako greba orokorrak eta Kaleko Afari Solidarioak aipatu ditu, esaterako.
Hari horretatik tiraka, «herri sektoreak zentroan jarri» eta «zapalkuntzarik gabeko herri bat» eraikitzeaz aritu da. Finean, Euskal Herri «aske, sozialista, feminista eta euskalduna» defendatu du. Izan ere, argudiatu du «faxismoaren aurka egotea» ez dela nahikoa, eta «alternatiba integralak» behar direla. «Hori ederki ulertu dute faxistek, euren ideia baztertzaile eta atzerakoiak Espainiako banderak eskuan eta 'euskaldun zikinak' oihukatuz defendatzen dituztenean».
«Askatasunez» erabaki
Ernaik «ezinbestekotzat» jo du Euskal Herriaren «askapen borrokan» bidea egitea, hori delako Euskal Herriaren beraren etorkizuna bermatzeko modua. Egurrolak defendatu du «askatasunez bere etorkizuna erabakitzeko» eskubidea duela Euskal Herriak, Frantziak eta Espainiak hori ukatu arren. «Hori da erreakzioaren eta faxismoaren aurrean Euskal Herrian dugun tresnarik eraginkorrena».
Hain zuzen, maiatzean egindako Kongresu prozesuan bi konpromiso ezarri zizkion Ernaik bere buruari: «Euskal Herriarekiko» zein «Euskal Herriko gazteriarekiko» konpromisoa. Eta horren aldeko borroka betean daudela adierazi du Egurrolak: «Kalean ikusten da: propaganda jartzeko geratzean, kafeetan, txandak egitean zein, beste behin ere, gurutze frankistak eraistean».
Aurrerantzean ere «iniziatiba politikoa» hartzeko prest azaldu da gazte antolakundea, «garai honek eskatzen duen neurriko erantzukizunez eta determinazioz», «desesperantzari» aurre egingo dion tresna izateko. «Tresna herri honetako gazteok batu eta gure herriaren askatasunaren alde konprometitu ahal izateko. Tresna gure belaunaldiaren duintasunaren alde borrokatzeko». Izan ere, Egurrolak argi du: «Borrokatzeko garaia da».