Ernaik igandeko manifestazioan parte hartzera deitu du, «faxismoari aurre» egiteko

'Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez' lelopean egingo dute manifestazioa. «Inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria» eraikitzea dute helburu.

Manifestaziora dei egiteko agerraldia, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Manifestaziora dei egiteko agerraldia, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 7a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde» manifestazioa egingo du igandean Ernaik, Donostian, Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez lelopean. Parte hartzeko deia egin du gaur, Haizearen Orraziaren parean. Arrazoitu dute «faxismoaren gorakada» nabarmena den garaiotan, ezinbestekoa dela «nazio kontzientzia handitu eta Euskal Herriaren alde borrokatzea». 

Urtero lez, Donostiako kaleak hartuko ditu Ernaik, Kontxako estropaden bigarren asteburuaren egun berean. Amaiur Egurrola bozeramaileak esan du igandekoa ezinbesteko hitzordua izango dela «inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria» eraikitzeko: «Eredu kapitalistari aurre egin ezean, are gogorrago kolpatuko ditu gure bizitzak, gero eta prekarizatuago biziko gara gazteok».

Bozeramaileak azaldu du «faxismoak beharrezkoa duen ongarria» dela erreakzioa. Haien esanetan, Euskal Herrian, faxismoak «espainolismo eta jakobinismo atzerakoiaren forma» hartzen du, «Euskal Herriaren proiektua guztiz deseroso eta kontrajarria zaielako faxistei».

Egurrolak esan du hamarkadetako lanari esker eraiki dela Euskal Herrian «faxismoaren kontrako euste horma bat», eta badaudela horri eusteko baldintzak: herritarrak zentroan jarri eta «aterabide askatzaile» bat proposatu dute.

Mobilizazioarekin bat

Manifestazioarekin bat egin dute kulturgintzako, aisialdiko eta gizarte mugimenduetako ehun pertsonak. Ernaik plazaratutako manifestua sinatu dute, eta mobilizatzeko deia egin dute. Sinatzaileen artean daude Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Antton Telleria, Lur Errekondo, Neomak eta Jose Tapia, besteak beste.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA