Ernai prest dago independentziaren aldeko borrokari «beste bultzada bat emateko»

Ehun militante baino gehiago elkartu dira Zarautzen, irailaren 14ko mobilizaziora deitzeko. 'Ekin eta bultza askatasunera' lemapean egingo dute manifestazio nazionala, Donostian, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urte betetzen diren honetan.

Ernaiko gazteak gaur Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ernaiko gazteak gaur Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2025eko irailaren 4a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txikiren eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena gerturatzen ari den honetan, Ernaik argazki adierazgarria atera nahi izan du gaur Zarautzen; ehundik gora militante elkartu dira, Donostian irailaren 14an egingo duten martxa nazionalera deitzeko. Memoria ariketa bati buruz aritu dira, baina batez ere, etorkizunari begira, ziurtatu baitute «aurreko belaunaldiaren lekukoa hartu», eta gazteek «Euskal Herria askatasunera eramateko bultza egiteko garaia» dela. Ozen esan dute Euskal Herriaren independentzia dela «zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzeko bide bakarra». Donostiako mobilizazioa 13:30ean egingo dute, Bulebarrean hasita, Kontxako estropaden bigarren igandean.

«Gauden tokitik metro gutxira bizi zen Txiki», hasi du mintzaldia Ernaiko eledunak, Zarautzen; «hemen hartu baitzuen kontzientzia abertzalea eta ezkertiarra. Zarautzen lotu zen Txiki «inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko borrokara», Ernaik azaldu duenez.

50 urte betetzear dira Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituztenetik, eta hain zuzen, «askatasunaren aldeko borroka eten eta hura deuseztatzeko hil zituzten», Ernairen arabera. Baina, erantsi dutenez, ez zuten lortu xede hori betetzea. «Hamarkadaz hamarkada, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokak ez du etenik izan. Horregatik gaude gu gaur hemen».

Atzera begira, aurrera egiteko

Gazte antolakunde abertzaleak ohartarazi du «Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari bere onena emateko prest» dagoen belaunaldia osatzen dutela. «Eta bai, Txiki eta Otaegi gazteen figura lehen lerrora ekartzen dugu, ez bakarrik aitortza ariketa gisa». Ernaik azaldu du «indarrak hartu eta independentziaren aldeko borrokari beste bultzada bat emateko» jarri dela atzera begira: «Arraunean bezala, atzera begira jarri, indarrak hartu, eta indar gehiagoz aurrera egiteko».

Jakinarazi dute hainbat eta hainbat herritan lanean aritu direla gazteak azken hilabeteotan, «bizi ditugun garai hauetan bide bakarra independentzia dela aldarrikatzeko, gazteen bizitzak bizigarriak izan daitezen, eta gure herriaren biziraupena bermatu dadin». Hala, gogoratu dute hitzordu bat dutela datorren igandean Donostian, helburu horretan bidea egiten jarraitzeko. «Irailaren 14an, gazte independentistok Donostiako kaleak hartuko ditugu, independentziaren aldeko borrokari beste bultzada bat emateko».

«Gazteok prest gaude gure herriak behar duen bultzada hori eragin eta askatasunaren aldeko borroka muturreraino eramateko»

ERNAI 

Nazioarteko testuinguruari begira jarrita, Zarautzen elkartu diren militanteek helarazi dute kapitalismoaren «eredua agortu, eta agertoki bortitzago bat» etorriko dela. «Herri sektoreak zanpatu eta are babesgabeago utziko dituen olatu bat» dator, haien esanetan. Era berean, Euskal Herriaren iraupena kolokan dagoela iruditzen zaio Ernairi, eta euskararen aurkako oldarraldi oso bat martxan dagoela: «Herri honek ezker-eskuin astinduko duen bultzada bat behar du». Ernai sinetsita dago «independentzia» dela Euskal Herriaren iraupena bermatzeko «bide bakarra». «Gazteok prest gaude gure herriak behar duen bultzada hori eragin eta askatasunaren aldeko borroka muturreraino eramateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.