ERNEk jarritako salaketa bat dela medio, Tolosako udaltzainek ere pistola eraman beharko dute

Udalaren nahiaren kontrako erabakia dela adierazi du alkateak. Astelehenetik aurrera egongo da agindua indarrean.

Bi udaltzain kalean, Getxon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bi udaltzain kalean, Getxon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 6a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Tolosako udaltzainek (Gipuzkoa) armak eraman beharko dituzte astelehenetik aurrera. Hala ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, ERNEk jarritako salaketa bati erantzunez. ERNEk 2020an egin zuen udaltzainak «su armaz» hornitzeko eskaera. Eskaera hari ez zioten erantzun, eta 2022an auzitara eraman zuen sindikatuak. Tolosako Udaltzaingoa armaz hornitzea ebatzi zuen lehen epaiak. Udalak, baina, helegitea jarri zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ERNEri eman dio arrazoi, eta udaltzainak suzko armaz hornitzera behartu du udala. Epai horren ondorioz, su armak eta munizioa erosi eta formazioak emateaz gain, armategia sortzeko obra egin behar izan dute. Udalak 90.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan du horretarako.

Tolosa da ERNEk jarritako salaketa bati erantzunez auzitegiaren ebazpena beteko duen Gipuzkoako hirugarren udalerria. Aurretik, Eibarren eta Zarautzen ere bide bera egin dute udalek.

Udalaren irizpideen kontra

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak gutun bidez adierazi du ez dagoela ados erabakiarekin. «Udal gobernuaren nahi eta irizpideen kontra eramango dituzte armak udaltzainek».

Martinez de Rituertoren arabera, «udaltzaingoaren eginkizun nagusia herrian bizikidetza bermatzea da, prebentzioan, gertutasunean eta herritarrei zerbitzua emateko bokazioan oinarrituta. Horretarako ezinbestekoa da konfiantzazko giroa bultzatzea, eta berezko dituzten bitartekaritza eta prebentzio funtzioen bidez egiten dute hori udaltzainek». 

«Esan gabe doa su armak muturreko egoeretan erabil daitezkeela –agenteen edo herritarren bizitza

arrisku larrian dagoenean–»

ANDU MARTINEZ DE RITUERTOTolosako alkatea

Hain zuzen, Tolosa herri segurua dela azpimarratu du, eta hala bermatzen dute Eusko Jaurlaritzaren datuek, delinkuentzia indize txikia duten udalerrietako bat baita. Nabarmendu duenez, azken hamabi urteotako datuei erreparatuz gero, ez da izan udaltzainen bizitza arriskuan jarri duen gertakaririk: «Armarik izan ez arren, ez dute lanerako inolako arazorik izan».

Ohartarazpen argia igorri nahi izan du: «Esan gabe doa su armak muturreko kasuetan erabil daitezkeela –agenteen edo herritarren bizitza arrisku larrian dagoenean–, azken aukera gisa. Prozedura eta protokolo zorrotzak bete beharra dago».

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak iaz dekretu bat onartu zuen udaltzainek suzko armak erabiltzeko joera zabaltzeko. Badira beste bide batzuk jorratzen ari diren udalak ere, udaltzainen «eredu komunitarioa» indartzeko. Lan eskaintza publiko propioak jorratu dituzte horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.