Anerreka ingurumen elkarteak antolatuta, hainbat herritarrek martxa bat egin dute gaur, Usurbildik (Gipuzkoa) eta Zubietatik (Gipuzkoa) abiatuta, Arkaitzerrekara. Gaurko egunez duela urtebete, ehunka arrain hilik agertu ziren, erraustegiak egindako amoniako isuri baten ondorioz. Arkaitzerreka bizirik! Errauskailurik ez lelopean egin dute martxa.
Arkaitzerrekan bertan elkartu dira bi zutabeak, eta ekitaldi bat egin dute, adierazteko protestan jarraituko dutela, Noaua Usurbilgo atariak azaldu duenez: «Orain arte bezala, gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu, hor goian eragiten ari den kutsadurak sortzen dituen ingurumen kalteak kontrolatzen, eta horien emaitzak publiko egiten, sekula santan martxan jarri behar ez zuten erraustegia gelditu arte».
«Aingirak hilda ikusi ez bagenitu, auskalo beste zenbat isuri egiten jarraituko zuten», esan dute. Guardia Zibilak ikerketa bat abiatu zuen, eta Ertzaintzan «ezinegona» sortu zuen horrek, hark abiatua zuelako beste bat. Anerrekak azaldu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak esan duela «ikertuko duela».