Joan den astean iragarri zuten eran, Zubietan (Gipuzkoa) lagin batzuk hartzen hasi dira adituak, erraustegiaren eragina aztertzeko. Zubieta Lantzen elkartearen enkarguz, ToxicoWatch fundazioko kideak lanean hasi dira; besteak beste, oiloen arrautzak aztertuko dituzte, belarra eta lurra. Beste enpresa batek ere hartuko ditu laginak —ez dute izenik eman, baina adierazi dute Eusko Jaurlaritzak homologatutako enpresa bat dela—.
Orain jasotako laginak alderatu egingo dituzte erraustegia martxan jarri ondoren bildutakoekin, eta jendaurrera aterako dituzte emaitzak. Aldundiak ere esana du Biodonostiak jarraipena egingo duela. Zubieta Lantzen-ek bateragarritzat jotzen ditu denak. "Gure ikerketa independenteak haien emaitzekiko konparagarriak edo osagarriak izango dira".
Erraustegiaren eragina aztertzeko ikerketa martxan jarri arren, pauso hori baino lehen proiektua gelditzeko eskatu du Zubieta Lantzen-ek: ez dezatela erraustegia piztu. "Proiektu inposatua" dela salatu du.