Erreforma ulertzeko gakoak

Hizkuntza eskakizunak erreformatzeko orduan alderdi bakoitzak zer helburu lehenetsi dituen ulertzeko, hainbat jakingarri gogoratzea komeni da.

EAJko Markel Olano eta PSE-EEko Jorge Juez, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
EAJko legebiltzarkide Markel Olano; berak aurkeztu eta defendatu du jeltzaleen proposamena hilabeteotan. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2026ko ekainaren 12a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen normalizazioaren kontrako epaiak metatuz joan dira urteotan, eta aparteko kezka sortu du horrek euskalgintzan eta hainbat talde politikotan. Administrazio publikoek euskara eskakizunen inguruan-eta eskakizunak egiteko autonomia mugatu egin dute epai horiek, eta segurtasun juridikoz berriz ere politika aurrerakoiak egiten hastea da premia behinenetako bat. Euskal Autonomia Erkidegoan dago legeria aurreratuen, eta, hor atzerapausorik ezin dela onartu iritzita, Eusko Legebiltzarrean Euskal Enplegu Publikoa erreformatzeko mahai gainean jarri diren proposamenek zedarritu dute hilabeteotan aldaketarako bidea, EAJk, eta EH Bilduk, nork bere bidetik, proposatu dituzten erreforma proposamenen ildotik.

Bi proposamenek gogoan izan dute urteotan ebatzi diren sententzia asko izan direla propio funtzio publikoan aritzeko euskararen ezagutza egiaztatze aldera ezartzen diren hizkuntza eskakizunen kontrakoak, eta xede izan dute, hain justu ere, epaileei bideak ixtea eskakizun horien kontrako ebazpenak ematen segitzeko. Hona egoera zein den eta zer aldaketa proposatu diren jakiteko hainbat jakingarri: 

Zer dira hizkuntza eskakizunak?

Sektore publikoan diharduten langileen euskara gaitasuna egiaztatzeko bidea dira hizkuntza eskakizunak: lanpostu bakoitza betetzeko eta horretan jarduteko euskaraz beharrezkoa den gaitasun maila egiaztatzeko tresna. Hizkuntza profila izendapena ere erabiltzen da horiek izendatzeko. Administrazio publikoan urte askoan B1, B2, C1 edo C2 profilak ezarri dira, baina eskakizun asimetrikoak ere badira egun. Euskal Autonomia Erkidegoko foru erakundeetan, Jaurlaritzan eta udaletan, lanpostu guztiek dituzte hizkuntza eskakizunak, lanpostu bakoitzaren ezaugarrien eta erakundeek arloan dituzten plangintzen arabera zehaztuta. Euskal Enplegu Publikoaren legean daude ezarrita horiek arautzeko irizpide nagusiak, eta, hain justu ere, EH Bilduk eta EAJk, hizkuntza eskakizunen kontra urteotan metatu diren sententzia ugariekin kezkatuta, horregatik egin zituzten lege hori erreformatzeko proposamenak. 

Zein da EH Bilduren proposamenaren muina?

Funtzio publikoko sarbidetik beretik euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna «orokortzea»: hori da EH Bilduren proposamenaren funtsa. Euskara gaztelaniaren pare jartzea, alegia. Izan ere, EH Bilduko kideek aztertu dituzte lan deialdi publikoak atzera botatzeko urteotan ebatzi diren sententziak, eta ikusi dute horietako askotan «neurrigabetasuna» dagoela interpretatu dutela epaileek. Horregatik, egun indarrean dagoen eredua irauli egin behar dela uste dute. Proposamen hori osatze aldera mahai gainean jarritako kontzeptua da «geroratze indizea». Indize horren bidez zehaztu nahi dute gehienez zenbat lanposturi atzeratu ahal izango zaien hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko betebeharra. Apirilaren bukaeran aurkeztu zituen proposamena fintzeko zuzenketak, eta hor hainbat irizpide ipini zituen EH Bilduk indize hori zehazteko. 

Zein da EAJren proposamenaren muina?

Derrigortasun indizea deituaren bidez zehazten dute erakundeek zenbat lanpostutan egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna. Jeltzaleen ustez, horren gainean hainbat epailek egindako interpretazioak izan dira askotan euskararen normalizazioaren kontrako epaien abiaburua, eta, horregatik, lege erreformaren bidez, zera lortu nahi dute, Euskal Enplegu Publikoaren legean «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez aplikatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA