Errefuxiatu estatusa lortu duela baieztatu du Guridik

Venezuelan dagoen euskal iheslariak gose greba abiatu zuen lehengo astean, eta Espainiako kontsulatuaren aitzinean plantatu zen

Guridiren askatasuna eskatzeko elkarretaratze bat, 2013an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Asier Guridi euskal iheslariak errefuxiatu estatusa lortu du Venezuelan. Hala jakinarazi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean, eta Venezuelako Gobernuak helarazi dion dokumentua erakutsi du. Euskal iheslaria paperik gabe zegoen 2013an atxilotu zutenetik, eta sarri eskatu du bere egoera erregularizatzeko. Abenduaren 3an gose greba mugagabea hasi zuela esan zuen, eta Espainiako kontsulatuaren aitzinean plantatu zen, Caracasen.

1992ko abenduaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Guridi, eta torturak salatu zituen Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Espetxeratu egin zuten, eta bost urtean egon zen preso, Euskal Herritik urrun. 2001ean ihes egin zuen, eta 2005etik Venezuelan bizi da.Hedabideetara bidalitako ohar batean kontatu zuen 2013an atxilotu egin zutela, eta ordutik nortasun agiririk gabe bizi zela Venezuelan.

2018an, Guridi estraditatzeko eskatu zion Espainiak Venezuelari, baina Venezuelak ez zuen bete. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Venezuelako Fiskaltzari eskatu zion Madrilek iheslariaren aurka duen «jazarpen politikoan» ez parte hartzeko. Sare sozialetan errefuxiatu estatusa lortu duela jakinaraztearekin batera, urteotan bizi izandako zailtasunak deitoratu ditu Guridik: «Urte hauetan bizi izan duguna infernua izan da; bizitzeko berez izan ditugun oztopoez aparte, gezurrez beteriko kontakizunekin kakaztu gaituzte, defentsarako aukerarik gabe...». Sorturi leporatu dio babesik eskaini ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.