Errenteriako eta Hernaniko (Gipuzkoa) alkateek Donostiakoari erantzun diote. Jon Insausti Donostiako alkatea kexu da, Gipuzkoako etxegabe asko hiriburuan elkartzen direlako. Insaustik behin eta berriro salatu izan du Donostia inguruko herriek ez dituztela jartzen legez etxegabeentzat ezarritako baliabideak, Donostiak ezin diela «bakarrik» aurre egin etxegabeen premiei, eta inguruko udalei Donostiaren pareko «irmotasuna» eskatu die arazoari aurre egiteko.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta Xabier Lertxundi Hernanikoak aurre egin nahi izan diete Donostiako alkateak esandakoei. Ez dute Insaustiren izenik aipatu, baina nabarmendu dute ez direla etxegabeei edo gizarte bazterkeriari axolagabe begiratzen dioten bi udalerri, «sarri egin diren adierazpen batzuetan esan edo iradoki direnen kontra».
Errenterian 39 leku
Zenbait datu eman dituzte hori erakusteko. Otaegik azaldu du Errenteriako Udalak urtero ia 2,8 milioi euro jartzen dituela gizarte bazterkeriari aurre egiteko estrategia garatzeko, udal aurrekontu osoaren %4 baino gehiago; bestetik, Errenteriak 39 leku dituela bazterturik geratzeko arriskuan daudenentzat, 2024-2030 Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapak ezarritako kopurua —11— halako hiru baino gehiago.
Lertxundik, berriz, azaldu du Hernani lanean ari dela Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaian, eta eskualde osorako izango litzatekeen azpiegitura bat egin nahi dutela. Hasieran, Hernaniko Udalak herrirako soilik izango litzatekeen azpiegitura bat egin nahi zuen, «baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkuz», eskualde osorako izango da. Proiektu hori egitasmo berritzaileentzako Europako Batasuneko diru laguntza baten deialdira aurkeztu dute, bi milioi euroko laguntza lortzeko asmoz.
«Bi erakundeok, udala eta foru aldundia, elkarrekin lanean ari gara», Lertxundiren arabera. Eskualdeko diagnostikoa egin dute, eta Hernaniko Udala «artatze eredu berritzaile bat eraikitzen ari da».
Udalez harago
Donostia inguruko herrietako alkateek bilera egingo dute hurrengo astean, gaiari buruz hitz egiteko. Otaegik gogorarazi du Donostia, Errenteria eta Irungo alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak bildu zirela 2021eko otsailean, Errenteriak eskatuta. «Orduko kezka eta proposamena bost urte geroago Donostiako alkateak planteatzen duen bera zen: udalez gaindiko estrategia irmo eta koordinatu bat, etxegabeen mugarik gabeko errealitate gordinari aurre egiteko», gogoratu du Otaegik. Etxegabeena udalen mugarik ezagutzen ez duen fenomeno larria dela uste dute, eta erakundeen arteko elkarlana eta «jarduteko modu berriak» behar dituela.
Hurrengo asteko bilerari begira, konpromisoak eskatu dituzte Otaegik eta Lertxundik. Lehenak, batez ere Donostiako alkateari zuzenduak, haren izenik aipatu ez badute ere: «Utz ditzagun alde batera alkate protagonismoak eta alderdien interesak. Jar dezagun arreta eta eman diezaiogun protagonismoa esku artean dugun egiturazko arazo larri honi». Beste udalerri batzuen konpromisoa auzitan jartzen duten adierazpenak —«egiazkoak ez diren mezuak helaraziz»— baztertzeko eskatu dute. Horri lotuta, diskrezioa ere eskatu dute, argazkietatik eta hedabideetatik kanpo lan egitea.
Otaegirentzat eta Lertxundirentzat, Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaia baino tresna eraginkorragoa da mahai horretatik sortutako Gizarte Inklusiorako Batzordea. Uste dute batzorde horretan landu behar dutela etxegabeen arazoa.
«Gizarte zibilarekin»
Nolanahi ere, uste dute hirugarren sektoreak eta gizarte eragileek ere parte hartu behar dutela etxegabeen arazoari aurre egiteko estrategian. Ekarlanak erakundeen artekoa izan behar duela berretsi dute, «baina baita gizarte zibilarekin ere».
Bi alkateen iritziz, berritu egin behar da 2018an ezarritako estrategia, orduan etxegabeen kopurua %20 murrizteko helburua ezarri bazen ere gaur egun egoera bestelakoa delako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estrategia «errealista, partekatua, eguneratua eta behar besteko aurrekontua duena» eskatu dute, gizarteak aurrez aurre duen errealitateari erantzuteko.