Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregia eraisteagatik irekitako auzia artxibatu zuen atzo Getxoko Auzitegiaren Instrukzioko eta Arlo Zibileko 2. atalak. Epaileak ez zuen antzeman ez ondare historikoaren aurkako deliturik ez prebarikaziorik. Getxoko alkate Amaia Agirrek, baina, ez du nahi gertatutakoa bere horretan geratzerik. «Orrialdea pasatzea ez da nahikoa», esan du gaur hedabideen aurrean eginiko agerraldian. Are, «erreparazio publikoa» galdegin du ikertutakoentzat, udalarentzat eta EAJrentzat.
Ikusi gehiago
Hamar lagun zeuden ikerketapean, tartean Getxoko EAJko hiru zinegotzi ohi: Irantzu Uriarte, Ignacio Uriarte eta Iñigo Urkitza. Horiei egin die aipamen Agirrek, zeharka, uste baitu «pertsonei buruz» hitz egiteko garaia dela, eta ez soilik «eztabaida juridiko» bati buruz hitz egitekoa: «Egin diren akusazioek ez zuten auzitan jartzen erabaki administratibo bat soilik, baizik eta baita udal langileen profesionaltasuna, arduradun publikoen ohorea eta erakunde oso baten jarduna ere». Horiek horrela, erreparazio publikoa eskatu du haientzat guztientzat, «izan ere, kaltea publikoa bada, erreparazioak ere publikoa izan behar du, eta pertsona horiek isiltasuna baino zerbait gehiago merezi dute».
Bestalde, «gogoeta egiteko» eskatu die «konfrontazioaren estrategian buru-belarri» aritu zirenei: «Ilegaltasun ageriko gisa aurkeztu ziguten hori ez zen legez kanpokoa izan».
PPren kritika alkateari
Agirreren agerraldiaren ostean, Eduardo Andrade PPk Getxoko Udalean duen bozeramaileak alkateari leporatu dio epaia «errugabetze politiko gisa» erabili izana. Andradek esan du epaileek auzia artxibatu izanak ez duela udalak eginikoa zuritzen: «Epaile batek ebatz dezake gertaera batzuk ez direla delitua, baina ebazpen hori ezin daiteke erabili kudeaketa politiko onaren egiaztagiri gisa». PPko kideak gogorarazi du oposizioaren egitekoa zera dela, «galdetzea, ikertzea, fiskalizatzea eta kontuak eskatzea».