«Errepresaliek» bultzatutako salaketa

Andoni Diaz basozainak auzitara eraman zuen 2017an Arabako Foru Aldundia, argudiatuta irregulartasunak izaten direla ehiztariei jarritako isunak tramitatzerakoan. Orain, aldundiak ireki dio zigor espedientea Diazi, «isun faltsuak» jartzea egotzita.

Andoni Diaz basozaina, Tor izeneko Bonelli arranoarekin. Duela gutxi hilik aurkitu du. BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ehiztariei jarritako isunak tramitatzerakoan irregulartasunak salatu izan ditu Andoni Diaz Arabako Foru Aldundiaren basozainak. Bada, diputazioak zigor espedientea ireki dio, aldundiko behargin batzuek Funtzio Publikoko Departamentuan aurkeztutako idazki bati erantzunez. «Gauza oso larriak leporatzen dizkidate; adibidez, isun faltsuak jartzea. Eta ez da egia. Ehizako eta arrantzako isunak jartzen ditut, hori delako nire obligazioa», azaldu dio Diazek BERRIAri. «Baina nik uste dut espediente hori errepresalia bat dela». Izan ere, salatutako irregulartasun horien inguruan administrazioak neurririk hartzen ez zuela ikusita, Diazek diputazioa bera eraman zuen auzitara 2017an. Orain, aldeen deklarazioak entzun eta auziari buruzko dokumentazioa aztertu beharko du diputazioak barne prozesua aurrera eramateko izendatutako abokatuak, eta ondoren erabakiko du espedientea artxibatzen duen edo neurriren bat hartzen duen Diazen aurka.

Salaketa jarri dutenak Nekazaritza Departamentuko langileak dira: «Politikariak, teknikariak eta abokaturen bat». Diazek zehaztu du berak hemezortzi urtez lan egin zuela departamentu horretan, baina jada hamar urte daramatzala Ingurumenekoan. «Atentzioa ematen dit. Nire kontra doazen pertsonak, gezurtatuko ditudan alegazioak egin dituztenak, beste departamentu batekoak dira. Nire nagusiek nire lana ikertzea primeran iruditzen zait, baina beste departamentu batekoek egitea... Esaten dute agian delitu penal bat egin dudala».

Nabarmendu duenez, nola Ingurumen Departamentuko hala Nekazaritza Departamentuko basozainek dute isunak jartzeko eskumena. «Ingurumen Sailean nagoenetik, presioak jasaten ari naiz lan jakin batzuk egin ez ditzadan; ez didate, ordea, hori idatziz jakinarazten...».

Egiaztatu ahal izan du nola artxibatzen ziren berak jarritako isun batzuk, eta zigortutakoek nola esaten zioten aurpegira isun horiek ez zutela biderik egingo. «Niri hau esan izan didate: 'Jarri isuna, jarri. Aldundian lagunak ditugu, eta kendu egingo dizkigute'». Ikusten zuen, adibidez, zigortuta behar zuten ezkutuko ehiztari batzuek ehizatzen jarraitzen zutela. «Joaten zinen haiengana, eskatzen zenizkien paperak, eta behar bezala zituzten». Horiek horrela, duela lau urte inguru bere kabuz ikertzen hasi zen.

Eta Nekazaritza Departamentuan konturatu egin ziren. «Esaten zidaten: 'Ez ikertu horri buruz. Zure lana isuna jartzen duzun unean hasi eta bukatzen da'». Diazek ezetz erantzuten zien. «Mehatxatzen ninduten esanez espedientea irekiko zidatela». Heriotza mehatxu anonimoak ere jaso ditu. Esan zioten bere «herriko etxea» erreko ziotela; zakurra pozoituko ziotela; bi tiro emango zizkiotela ezkutuko ehiztari baten kontrako epaiketatik atera ondoren... «Gorbeiako parkean nire izena eta abizena idatzi zituzten diana baten barruan. Desatsegina da».

Ia erdiak, artxibatuta

Auzitara jo aurretik, Arabako Batzar Nagusietara eraman zuen auzia Diazek. EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez, 2014 eta 2016a artean basozainek jarritako isunek egindako bidearen berri eman zuen Eduardo Aginako Nekazaritza diputatuak —legegintzaldi honetan ere karguan dago—. 180 isun jarri zituzten, eta horien ia erdiek, 86k hain zuzen, ez zuten biderik egin: edo artxibatu egin zituzten, edo iraungi egin ziren, edo tramitatu ere ez zituzten egin. Gainera, beste hemezortzi isun murriztu zituzten. «Ehizako isunak ezin dira murriztu, eta, hala egiten bada, oso-oso justifikatuta egon behar da», nabarmendu du. Aginakok orduan adierazi zuenez, aldundiak ez ditu isunak «ez kentzen, ez barkatzen», baina argudiatu zuen batzuk «iraungi» egiten direla, «baliabide faltarengatik».

Diazen arabera, badaki zergatik kentzen edo murrizten dituzten isunak: «Adiskidekeria dago; frogatu dezaket». Aginakok datuak plazaratu ondoren, basozaina berriro mehatxatu zuten; berriro esan zioten zigor espediente bat irekiko ziotela. Horrenbestez, fiskaltzara joan zen, eta isunekin gertatutakoa salatu zuen. Fiskaltzak auzia ikertu zuen, eta auzitegiari jakinarazi zion prebarikazio delitu bat egon zitekeela administrazioaren jardunean. Gasteizko 3. instrukzio auzitegiak, baina, auzibidea artxibatu zuen, behin-behinean.

Basozainaren beste salaketa baten ondorioz, ordea, aldundiko mendi zuzendaria «akusatuta» dago, isunak kentze aldera «dokumentuak faltsutzea» leporatuta. «Kasualitatea, baina isun horiek kendu zizkieten aldundiarekin harreman estua duen enpresa bateko landazainei. Diru publikoa jaso eta ehizarako barrutiak kudeatzen dituen enpresa pribatu bat da. Jarri ditudan isun gehienak enpresa horren menpeko ehiza barrutietan jarri ditut. Kontxo, oso larria da gertatzen ari dena...». Diazek jakinarazi du beste salaketa bat jarri zuela joan den abenduan, eta eskatu duela, gainera, lehen auzibidea, artxibatuta dagoena, berriro ireki dezatela. Bidegabekerien Biktimen Defentsarako Elkarteko bi abokatu ari zaizkio laguntzen.

«Tratamendu psikologikoa» izan du, eta minduta dago haren kontra egiteko orduan «kontu pertsonalak» baliatu nahi dituztelako. «Esaten ari dira ezin dudala eduki daukadan lanbidea, ehizaren kontrakoa naizelako. Zergatik esaten dute hori? Hori esaten dute Salburuan basurdeak hiltzearen aurkako manifestaziora edo Araban daukagun otso bakarra hiltzearen aurkako manifestaziora joan naizelako». Ez du «etsitzeko» asmorik. «Autoritatearen agente bat naiz, eta mendian nago ingurumena kontrolatzeko. Kosta ahala kosta, borrokan jarraituko dut».

Arabako Foru Aldundiarekin ere hitz egin du BERRIAk, eta Nekazaritza Departamentuko iturriek adierazi dute «barne prozesu bat» dela abiatutakoa. «Espedienteak enpresa guztietan irekitzen dira. Ez dugu hitz egiten gure funtzionarioei eragiten dieten kontuez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.