Errepresio politikoaren kontrako manifestaldia eginen dute Baionan heldu den maiatzaren 16an

Hirurogei bat lagun elkartu dira Baionako auzitegian azken bi urteetan Ipar Euskal Herriko hainbat mugimendu politiko eta sozialetako militanteek jasan errepresio politikoa salatzeko. Horren kontra borrokatzeko manifestaldia eginen dute maiatzaren 16an.

Errepresioaren kontrako prentsaurrekoa, Baionako auzitegiaren aitzinean. GUILLAME FAUVEAU
Errepresioaren kontrako prentsaurrekoa, Baionako auzitegiaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2026ko apirilaren 4a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Azken bi urteetan, Ipar Euskal Herriko mugimendu politiko eta sozial ugaritako militanteek errepresio azkarra jasan dute». Hala erran du Filipe Laskaraik, Baionako auzitegiaren aitzinean bertzeak bertze Jardun, U14, Ostia sarea, J’Accuse, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Lagundu eta Blokatu kolektiboetako hirurogei militante inguruan zituela. Haren erranetan, Ipar Euskal Herrian militantzia politikoarengatik jasan errepresioak «bederatzi auzi» eta «31 auzipetu» utzi ditu. Iragarri dutenez, hori guzia salatzeko eta oro har Frantziako Estatuaren «errepresioa borrokatzeko», manifestaldia eginen dute Baionan, maiatzaren 16an, 17:00etan.

Izan ere, Laskarairen ustez, azken urteetan mugimendu politiko eta sozialetako militanteek pairatu errepresioa ez da kondenetara bakarrik mugatzen. Kontrol poliziala areagotu dela nabarmendu du. «Zelatatzea, kamera bidezko kontrola, telefono komunikazioen zelatatzea edo DNA aztarnak eskuratzeko presioa» zerrendatu ditu tartean. Oro har, Hego Euskal Herrian ez ezik, Frantziako Estatuan, Europan eta mundu osoan errepresioa eta bortizkeria poliziala «azkarki» areagotzen ari dela azpimarratu du, eta horren karietara, errepresio politikoa jasan duten militante guziei elkartasuna adierazi diete prentsaurrekoan bildu kolektibo guziek. 

Errepresioaren goititzea kapitalismoak dakarren «hondamendi sozial, kultural eta ekologikoaren barnean» dela zehaztu du Laskaraik. Kapitalismoaren buru den oligarkiaren interesak defendatzeko joera autoritarioak ikus daitezke Europako estatu guzietan, Laskaraik gehitu duenez. «Oligarkiak ideia arrazistak, faxistak, matxistak hedatzen ditu gizartean». Herri eta nazio zapalduen batasuna oztopatzeaz gain gizartean «etsaitasuna» eragiten duela salatu du.

(ID_15958105) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Errepresioaren kontrako prentsaurrekoa, auzitegiaren aitzinean, Baiona, 2026ko apirilar...
Errepresioaren kontrako prentsaurrekoa, Baionako auzitegiaren aitzinean GUILLAUME FAUVEAU

Beraz, errepresio politikoa militanteak «beldurtzeko» eta mugimenduak «ahultzeko» tresna da, Laskarairen arabera, «etsipena, indibidualismoa eta desmobilizazioa» sortzen dituenak. Errepresioari erantzuteko borroka «kolektiboki» antolatzeko deia zabaldu du. «Jakitun gara dominatzaileek ez digutela nehoiz deus oparitu, ezta oparituko ere. Kontrara, haien defendatzeko eta konkistatzeko indar harreman bat beharrezkoa da, eta horretarako elkarrekin borrokatzea beharrezkoa da».

Horiek horrela, «injustiziarik gabeko» gizarte baten alde lan egiteko deia luzatu dute batu kolektibo guziek. Maiatzaren 16ko manifestaldia «ahalik eta jendetsuena» izatea nahi dute, errepresio politiken kontra «elkartasunez eta borrokaz» jarduteko. 

OSTIAk «HITZETIK EKINTZETARA» pasatzea GALDEGIN DIO ETXELEKURI

OSTIAk apirilaren 3an igorri agirian kontatu duenez, Kanboko auzapez hautatu berri Peio Etxelekuri kanpainan ukan duen Marienearen kontrako posizionamendua gauzatzea eta «hitzetik ekintzetara» pasatzea galdegin dio, hazkurri lurra interes pribatu eta etekin gosetik kanpo geldi dadin. Bertzalde, Bouyges promotoreari eta Office 64 alokairu sozialerako egiturari gibel egitea galdegin diote. Hazkurri lurren defentsan segituko dutela segurtatu du, eta Marieneko lurrak laborantza lurrak geldi daitezen urrats berriak eginen dituztela udaberri honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA