1986an sortu zutenetik, Ikas Bi-ko buru izan da Thierry Delobel (1952, Carcasona, Okzitania). Igandean ospatuko ditu 40 urteak sare publikoan euskarazko irakaskuntza elebiduna sustatzeko sortu zen guraso elkarteak. Banan-banan zerrendatu ditu Delobelek urteetan izan dituzten batailak eta lorpenak, harro: lehen ikasgela elebidunen irekiera, irakaskuntza publikoko eragileek osatzen duten Frantziako Flarep federazioaren sorrera, ikasliburuak, Azkarateko (Nafarroa Beherea) aisialdi zentroa... Deitoratu du EEP Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenean finantzaketa galdu zutela, eta hainbat proiektu bertan behera utzi behar izan zituztela.
1983an ireki zen lehen ikasgela elebiduna, Saran. Hiru urte berantago sortu zen Ikas Bi.
Funtsean, lehenago ere bazen irakaskuntza elebiduna. Akademia ikuskaritzaren borondatearen kontra, hein batean. Baziren euskarazko klaseak, gurasoek eta irakasleek hala nahi baitzuten. Beharra ikusi genuen hori bultzatzeko, eta Urruñako guraso eta irakasle talde batekin elkartea sortu genuen. Ez genuen hautatu nahi irakaskuntza publikoaren eta euskarazko irakaskuntzaren artean. Publizitateak eman genituen Sud Ouest egunkarian irakasleak aurkitzeko eta beste eskola batzuk bidea egiten laguntzeko. Horrela sortu ziren klase elebidunak dozena bat lekutan, 1987 eta 1988 artean.
1992an, brebeta euskaraz erantzun zuten hainbat ikaslek.
Urte hartan iritsi ziren lehen ikasleak kolegio bukaerara, eta euskaraz erantzun zuten azterketa. Zero eman zieten. Indar harremana abiatu genuen Hezkuntza Ministerioarekin, eta helegitea jarri genuen Paueko Administrazio Auzitegian; Estatu Kontseiluraino iritsi zen. François Bayrou zen garai hartako Hezkuntza ministroa, eta kontra zen; Ikas Bi itxurazko elkarte bat zela erran zuen. Hurbilago zen murgiltze eskoletatik; publikoa ez zuen nahi. Nota ez zenez eliminatorioa, ikasle batzuek euskaraz erantzuten segitu zuten ondoko urteetan ere. 1994an, Bayrouk gibel egin zuen, eta ontzat eman zuten euskaraz erantzutea; garai hartan bakarrik ginen, ez ziren hor beste sareetako eragileak.
«Gertaera horrek markatzen du manera batez lurraldeen Frantziaren errebantxa Parisko Frantziaren aitzinean. Borroka horiek eraman ditugu, eta segituko dugu eramaten»
30 urte berantago aldarrikapen bera da, orain baxoarekin.
Ikasi dute gibel egiten, ikusi dutelako gu behartzen saiatzeak are indar handiagoa ematen digula. 2006tik aitzina euskara indartua abiatu genuen, garai hartan murgiltze hitza ez baitzen erabili nahi [ama eskolan klaseak osoki euskaraz ematen hasi ziren hainbat lekutan]. Garai hartan, EEP abiatu berria zen: baziren ikasgela itxiera anitz, irakasle euskaldunak ez ziren ordezkatuak, irekitzeei uko egiten zieten. Lau helegite eman genituen administrazio auzitegian, eta laurak ukatu zituzten. Gerora Blanquerren aroa etorri zen, 2017tik aitzina. Aurkari ideologikoa zen, eta hertsatu gintuen kolegioaren, lizeoaren eta baxoaren erreformekin. Hor izan zen 2020ko gertaera, errektoreak Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoko murgiltze saila irekitzea ukatu baitzuen. Blanquer zen horren gibelean. Seaska eta Euskal Haziak guregana batu ziren, hautetsi anitz, eta azkenean ministroak amore eman eta murgiltzea ireki zuten.
Molac legea etorri zen ondoren.
Paul Molac diputatua nire lehendakariorde izan zen Flarep-en, gaia ongi ezagutzen zuen. Baina Blanquerrek diputatu talde bat bildu zuen helegitea ezartzeko, eta Konstituzio Kontseiluak murgiltzea debekatu zuen. Beharrik Jean Castexek gaia bereganatu zuen, eta horrela iritsi zen murgiltzea irakaskuntza eredu gisa aitortu zuen zirkularra. Gertaera horrek markatzen du manera batez lurraldeen Frantziaren errebantxa Parisko Frantziaren aitzinean. Borroka horiek eraman ditugu, eta segituko dugu eramaten; baina funtsean ikusten dugu indar harremana baizik ez dutela ezagutzen.

Itzul gaitezen 83-85. urteetara. Zergatik elebidunaren hautua eta ez ikastolarena?
Ez zen galdera egiterik ere.
Guraso batzuek beren buruari egiten zioten galdera da.
Hamar familiatik zazpik egiten zuen eskola publikoaren hautua garai hartan. Euskarari etorkizun lasai bat emateko, eskola publikotik pasatu behar da. Eta, garai hartan, ikastoletako irakaskuntza ez zen bereziki eredugarria. Ikastolatik ateratzen ziren jende batzuekin lan egin behar izan dut, eta frantsesez mintzatu edo idatzi behar zutelarik, konplikatua zitzaien. Ez zitzaigun eredu erakargarria. Irakaskuntza elebidunarekin, Errepublikako eskolaren ateak ireki genizkion euskarari.
«Ikastolatik ateratzen ziren jende batzuekin lan egin behar izan dut, eta frantsesez mintzatu edo idatzi behar zutelarik, konplikatua zitzaien. Ez zitzaigun eredu erakargarria»
Eta zerk bultzatzen du gaur egun guraso bat sail elebidunaren hautua egin eta Ikas Bi-n sartzera?
Zertan dira pareko Kleenex, K-Way eta Ikas Bi? Markaren izena bilakatu da izen generiko. Jendeak erraten du: «Nire haurrak Ikas Bi-n eman ditut». Batetik, bada ematen dugun informazio guzia: kalitatezko irakaskuntza, elebitasunaren onurak. Eta zinezko inklusio eredua da Euskal Herri kanpotik heldu den jendearentzat. Bizpahiru urtean behin egiten ditugun inkestetan hori ikusten dugu: gurasoak biziki atxikiak zaizkie onura horiei, beren haurrentzat hobea delako.
Gogor mintzatu izan zara ikastolei buruz. Zer harreman izan duzu Seaskarekin, eta zer bilakaera izan du?
Etxean kartoi oso bat dut Seaskaren argitalpenekin. Defentsiban ote ziren? Haien eredua, existentzia, zalantzan jarriak ikusten zituzten? Baina beti pixka bat gauza bera zen: «Euskara ikasi nahi baduzu, gurekin da». Murgiltzea baizik ez zen. Eta gu diskriminatuak sentitzen ginen; ez ginen kontsideratuak. Blanquerren garaian murgiltzea legez kanpokotzat jo zutenean, manifestazio handi bat izan zen Konfederazioak antolatuta; milaka ginen. Uste dut hor ikusi zutela denen beharra genuela.
«2003an biltzar nagusi bat egin zen Angelun: 360k Ikas Bi atxikitzearen alde egin zuten, eta 25ek kontra. Gurasoek argi adierazi zuten beren hautua»
Ez ote zen bi zentzuetan?
Ez, lehenago bakarrik ginen, eta kolpeak hartzen genituen. Ez ginen ongi etorriak sentitzen paisaian. Uste dut historikoki akats bat zela, eta gerora ohartu zirela. Bide bakarra proposatuz segitu izan balitz, guk ezin genuen irudikatu gure haur eta guraso guziak irakaskuntza publikotik atera eta ikastoletara pasatzea. Gainera, hautuak ere baziren, testuinguru geopolitikoa ere ez zen hain lasaia garaian... Azkenean ikusi dugu elkarren beharra genuela. 2020. urtea izan da bihurgunea.
Alta, ikuspegi ezberdinak izan dira Ikas Bin ere, zatiketa gertatzeraino. Horrela sortu zen Biga Bai elkartea. Seaska, Euskal Haziak eta hirurak elkarlanean ari dira aspaldi.
2001etik aitzina barne saltsa bat izan genuen elkartearen izaerari buruz, eta 2003an biltzar nagusi bat egin zen Angelun: 360k Ikas Bi atxikitzearen alde egin zuten, eta 25ek kontra. Gurasoek argi adierazi zuten beren hautua. Anekdotikoa da ibilbideari so egiten badiogu. Eta bereziki ikusten duguna da besteei proposatu diegun eredu bat izan dela: katalanei, korsikarrei...

Gaur egun, irakaskuntza elebidunak ikasleak euskalduntzen ditu?
Psikolinguistek erraten dute: eskolako denbora, haur baten bizian, %25-28 da. Murgiltze edo ez-murgiltze denbora biziki arina da haur baten bizian. Galdera egin beharko litzateke ikasgelatik kanpora haurrek duten adierazpideaz ere. Badakigu, anitzetan erraten da, ikastoletako aire hartzeetan haurrak ez direla euskaraz ari.
Hori da galdera, justuki. Murgiltzeak lortzen ez badu, elebidunak lor dezake?
Bikaintasuna da elebitasuna ematea elebakartasunaren aitzinean. Eskola denbora inportantea da, baina irakaskuntzaren kalitateak finkatuko du. Gure lurraldea bikaina da: hor da Hego Euskal Herria, hizkuntza komuna, jarduera eremu bat, Eusko Jaurlaritzak betidanik lagundu gaituena... Dena dugu lortzeko eta gogoa pizteko.
«Inor ez da mundu honetan hiztun oso ezein hizkuntzatan. EEPk bere egin duen termino bat da, baina ez da existitzen»
Nola egin hiztun osoak sortzeko?
Inor ez da mundu honetan hiztun oso ezein hizkuntzatan. EEPk bere egin duen termino bat da, baina ez da existitzen; edonor ezin da mintzatu fisika nuklearraz adibidez. Hiztun aktiboa aipatu behar da.
Ados, hiztun aktiboa, beraz. Hizkuntza maila egokia lortuko duena.
[Celine Etxebarne Ikas Biko langilea utzi du erantzuten]. Bada irakaskuntzaren kalitatea eta kantitatea, horregatik ari gara murgiltzea sustatzen. Elebitasuna ez da aski garatua Bigarren Mailan, eta bada ikaslearen hautua ere. Baxoko erreformak ere konkurrentzian eman zuen euskara beste ikasgaiekin. Badira faktore anitz.
Ez ote litzateke hizkuntzen aldeko lege handi bat behar, irakaskuntzaz harago, lege babesa emateko hizkuntzaren erabilpenari?
Orain arte lege bakar bat ere ez da iritsi. Zirkularrean idatzitakoa bere eginen lukeen lege batek konstituzioaren 2. artikulua aurkituko luke parean. Ez dut uste bataila hor dagoenik. Gure lurralde bakoitzean dugun irakaskuntzaren kalitatea da bataila. Horri lotu behar gatzaizkio. Nik ez dut gehiago sinesten lege batean. Baina ukiezinak gara: gaur egun inor ez da ausartuko murgiltze ereduaren kontra joaten.
«Gu atxikiagoak gara borroka pragmatikoei. Hori da hitza. Batzuetan bada ideologia pixka bat... Pragmatismoa da praktikoa eta errealista dena egitea»
PQVNL Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak konstituzioaren 2. artikulua moldatzeko eskatzen du. Ikas Bi alde da?
Badu urteak horrekin ari garela. Gu atxikiagoak gara borroka pragmatikoei. Hori da hitza. Batzuetan bada ideologia pixka bat... Pragmatismoa da praktikoa eta errealista dena egitea. Flarep PQVNLen kide da, ez da arazorik. Baina hori galdetzea... Denek galdetu dute. Europako ituna ere ez dute oraindik berretsi. Gure inguruan diren gurasoak gutxiago motibatzen dituzten gauzak dira. Korsikan aitzinamenduak lortzen ari dira, itsasoz haraindiko hizkuntzetan ere bai, gauza ona da. Baina helburua da euskara eta irakaskuntza elebiduna onuragarria izatea haurrentzat, haien eskola biziarentzat eta etorkizuneko biziarentzat. Eta Euskal Herriak segi dezala eredu izaten.
40 urteren ondotik, lekukoa pasatuko duzu. Zer segida izanen du Ikas Bik Thierry Delobel gabe?
Justuki, hori da: marka generiko bilakatu da. Ezin da Ikas Bi utzi, eta Ikas Bik ez gaitu uzten. Beti presente izanen naiz, baina ongi da berrogei urteren ondotik... Ez dut Afrikako presidenteei eite izanen, bizi osorako presidente baitira. Ongi da ikustea Ikas Bi zerbait kolektiboa dela. Urteetan nire marka eman diot, eta nire izaeragatik ez dut amore eman. Orain segituko du osoki gai diren beste pertsona batzuekin. Gauza bat da funtzioa eta postua; engaiamenduak erabatekoa izaten segituko du.