Osasuna. Itxarote zerrendak

Errezetarik onena, pazientzia

Etengabe handitzen ari dira itxarote zerrendak Osasunbidean. Gaixoek 79 egun itxaron behar dituzte, batez beste, operatuak izan aurretik; hogei egun gutxiago behar zituzten pazienteek operatzeko Nafarroan, iazko uztailean.

2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gero eta pazientzia handiagoa eduki behar dute operatzeko zain dausden gaixoek Osasunbidean, Nafarroako osasun sistema publikoan. Iaztik hona, nabarmen handitu da ebakuntzen itxarote zerrenda: 79 egun itxaron behar dituzte pazienteek, batez beste, operatuak izan aurretik. 2011ko uztailean, berriz, hogei egun gutxiago itxaron zituzten, batez beste; 59 egun igaro ostean operatu zituzten. Espezialista batekin lehen kontsulta egin aurretik, berriz, 28 egun itxaron behar dituzte, batez beste. Iazko datuekin konparatuta, jaitsi egin da epea, baina ez nabarmen; 29 egun itxaron behar zituzten pazienteek joan den urteko uztailean.

Lehenago operatzen dituzte gaixoak Osakidetzan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan. Pazienteek 48 egun itxaron behar izaten dituzte, batez beste, operatzeko. Joan den urteko ekaineko datuekin alderatuta, gehitu egin da egun kopurua. Gehitzea, ordea, ez da oso esanguratsua. Batez beste, egun bat gutxiago itxaron zuten gaixoek 2011ko ekainean; 47 egun itxaron eta gero operatu zituzten. Nafarroan baino lehenago egiten diete lehen kontsulta: 23 egun itxaron behar dituzte, duela urtebete baino bi egun gehiago.

Gero eta egun gehiago itxaron ebakuntza egiteko, orduan eta paziente gehiago itxarote zerrendan. Hori gertatu da Osasunbidean: aurtengo ekainean, 9.691 gaixo zeuden operatzeko zain. Iazko uztailean, ia 2.000 paziente gutxiago zeuden zerrenda horretan; zehazki, 7.762. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 18.518 paziente daude itxarote zerrendan. Aurreko urteko ekaineko datuekin konparatuta, arinagoak ziren 2011ko zifrak; 17.286 gaixo zeuden zain orduan, ebakuntza egiteko.

Espezialista batekin lehen kontsulta egiteko itxarote zerrenda ere handitu egin da Nafarroan, iazko uztaileko datuekin konparatuta. 29.014 pertsona daude lehen kontsulta egiteko zain, aurtengo ekaineko datuen arabera. 2011ko uztailean, aldiz, 22.810. Urtebeteko epean, 6.000 paziente gehiago. Joera bertsua izan dute EAEko ospitaletako itxarote zerrendek; handitu egin dira, iazko ekainetik hona. 81.203 pertsona daude zain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan espezialista batengana joateko, lehen kontsulta egitera; 2011ko ekainean baino ia 8.000 gehiago.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak adierazi du mugaren barnean dagoela Osasunbidean operatzeko batez beste itxaron behar den egun kopurua; 120 eta 180 egun bitartekoak dira kopuru maximoak Nafarroako osasun sare publikoan, egiten den ebakuntza motaren arabera. Lehen kontsulten kasuan, gaixoek ezin dute 30 egun baino gehiago itxaron.

Osakidetzak 55 eguneko gehieneko muga ezarri du ebakuntzetarako; espezialista batekin lehen kontsulta pasatzeko, berriz, 30 egunekoa da muga. «Gaur-gaurkoz, finkatutako helburuak bete ditugula esan dezakegu; oso pozik gaude», esan du Osakidetzako zuzendari nagusi Julian Perezek.

Traumatologia gailen

Osasunbidean, traumatologiarekin zerikusia duten ebakuntzek dituzte paziente gehien esperoan: 4.216 pertsona, aurtengo ekaineko datuen arabera, pazienteen %43,5. Oftalmologia da hurrengoa zerrendan; 1.484 gaixo ari dira itxaroten, pazienteen %15,3. Espezialitate horiek dituzte zerrenda luzeenak Osakidetzan ere; gaixoen %30,6 dago zain traumatologiako itxarote zerrendan. 5.664 paziente dira orotara. Oftalmologia da itxarote zerrenda handiena duen hurrengo arloa: pazienteen %21,8. Bai Osasunbidean, bai Osakidetzan, pazienteen erdiak baino gehiago hartzen dituzte bi arlo horiek.

Operatu aurretik batez beste itxaron beharreko egun kopuruan, ordea, traumatologiako itxarote zerrenda ez da luzeena Nafarroan. Haurrek 105 egun itxaron behar dituzte operatu aurretik, ebakuntzak kirurgia plastikoarekin zerikusia badu. Helduek, aldiz, egun bat gutxiago. Hirugarren postuan dago traumatologia: 99 egun itxaron behar dituzte pazienteek operatu aurretik. Osakidetzan, ordea, traumatologian itxaron behar dira egun gehien: 55 egunez zain egoten dira itxarote zerrendan, batez beste. Oftalmologian, 50 egun.

Traumatologiarekin zerikusia duen lehen kontsulta bat egiteko, 5.393 paziente daude zain Osasunbidean. Arlo hori da itxarote zerrenda luzeena daukana. Osakidetzan, berriz, kontsulta oftalmologian dute pasatzeke gaixo gehienek: orotara, 13.996 dira.

Batez beste, kirurgia baskularrarekin zerikusia duen kontsulta bat egiteko itxaron behar dituzte pazienteek egun gehien Osasunbidean: 75, hain justu. Osakidetzan, berriz, oftalmologiarekin zerikusia duen kontsulta bat pasatzeko itxaron behar dira egun gehien: batez beste, 40.

«Datu manipulatuak»

Osakidetzak ematen dituen datuak «manipulatuta» daudela uste du LAB sindikatuko Osasun Arloko nazio komiteko kide Mati Iturraldek. «Tranpa egiten dute datuak ematerakoan. Zerrendak leuntzeko asmoz, zaku berean sartzen dituzte kisteak kentzea eta aldakako operazioa. Artatu eta bospasei egunera kentzen diote kistea gaixoari, baina aldakako ebakuntza egiteko sei eta zortzi hilabete artean itxaron behar du, gutxienez. Horrela lortzen dute itxarote zerrendako kopuruak jaistea».

Julian Perezek salaketa horren aurka egin du. Esan du Osakidetzak sistema informatiko bat erabiltzen duela itxarote zerrendetako datuak metatzeko, eta «ezinezkoa» dela sistema horri iruzur egitea eta datuak manipulatzea. Zehaztu du gaixoak kontsulta edo ebakuntza eskatzen duenean hasten dela sistema informatikoa egunak kontatzen, eta kontaketaez dela geratzen pazienteak tratamendua bukatu arte.

Iturralderen ustez, Osakidetzak ematen dituen kopuruak ez datoz bat errealitatearekin. Esan du gaixo jakin batzuen jarraipena egiten dutela eta eurek itxaron behar izaten dituzten egunek ez dutela zerikusirik Osakidetzak ematen dituenekin: «Minbizia nahiko aurreratuta zeukan paziente baten kasua aztertu genuen; txarto zegoen. Kontsulta bat eskatu genuen Onkologian; handik bi hilabeterako eman ziguten ordua».

Perezek jakinarazi du dekretu bat prestatu duela Osakidetzak, Kardiologiako eta Onkologiako itxarote zerrendak murrizteko asmoz: «Arlo horietako ebakuntzek eta kontsultek aparteko larritasuna dute; horregatik, gaixoek ahalik eta denbora gutxien itxaron dezaten nahi dugu». Dekretuak jasotzen duenez,gehienez 30 egun itxarongo dituzte pazienteek tratamenduaren fase bakoitzean. Ondoren, probaren bat egin behar badute, 30 egunen buruan egingo diete. Azkenean, gaixoa operatu egingo bada, beste hainbeste egun pasatu beharko ditu zain; gehiago ez. «Onartzeke» dago dekretua oraindik, Perezek nabarmendu duenez; espero du Patxi Lopezen legealdia amaitu aurretik onartzea.

«Osakidetzaren zerbitzua ez da gardena; ez du informazio nahikorik eskaintzen. Gaixoak, askotan, ez daki noiz eta nola bukatuko duen tratamendua», adierazi du Iturraldek. Pazienteei eskatu die kexak jartzeko Osakidetzan ikusten badute denbora gehiegi itxaroten ari direla artatuak izan aurretik, edo uste badute informazio gutxi jaso dutela. Era berean, pentsatzen du «beldurra» diotela gaixoek sistemari: «Pazienteek uste dute mendekua hartuko duela Osakidetzak, eta mediku okerrenarengana bidaliko dituztela tratamentua egitera». Horren harira, Iturraldek uste du ospitaleetako langileek animatu egin behar dituztela gaixoak kexak jartzera.

Urtean 22 milioi zerbitzu baino gehiago eskaintzen dituen osasun sistema batean «hutsak eta desorekak» gertatzea «arrunta» dela uste du Perezek. Horrelakoak gertatzen direnerako, zuzendari nagusiak gogorarazi du Osakidetzak zerbitzu bat daukala bezeroei arreta emateko: «Zerbitzuan hutsak gertatzen direnean, deitu egiten ditugu gaixoak, beldurrik gabe joateko arreta zerbitzura eta, akatsa larria bada, kexa bat jartzeko».

Zerrendak ezin murriztu

Nafarroan, berriz, finkatutako helburuak betetzen ari direla ziurtatu arren, Osasunbideak plan bat onartu du itxarote zerrendak murrizteko. 2015erako planean jasotzen diren proiektu guztiak aplikatzea aurreikusten du Nafarroako Gobernuko kontseilari Marta Verak. Nafarroako osasun sare publikoko langileen lanaldia areagotzea da planak ezarriko duen neurrietako bat. Horrela, arratsaldez ere lan egin beharko dute erizain eta medikuek. Horrez gain, Osasunbideko ospitaleek helburu batzuk bete beharko dituzte; ezingo dituzte gainditu itxarote zerrendetarako ezarriko zaizkien irizpideak.

Horrez gain, justifikatu gabeko arrazoiengatik kontsultara joaten ez diren pazienteak zerrendetatik kanpo utziko dituela iragarri du Osasunbideak. Iazko datuak eman ditu Verak: orotara, 44.795 paziente ez ziren kontsultara joan —zain zeudenen %15,5—.

Nafarroako SATSE erizainen sindikatuak uste du «egokiak» direla gobernuak onartutako helburuak, hala esan du Joaquin Fernandez sindikatuko bozeramaileak, baina ohartarzi du gobernuaren praktika ez doala bide beretik: «Teoria partekatzen dugu; baina teoria kontu bat da, eta errealitatea beste bat». Gobernuak itxarote zerrendak aurkeztu duen plana «ez da erreala», Fernandezen hitzetan. Iruditzen zaio kontsultara joaten ez den pertsona bat itxarote zerrendatik kentzeak ez duela askorako balioko, pertsona horrek berriz izena emango duelako. «Arazoa konpondu ez, geroratu egingo da».

Gainera, espezialitate batzuetan agendak itxita daudela, eta txanda eskatuz joaten direnei datarik ez dietela ematen ohartarazi du. Ez daki seguru zenbat espezialitatetan eta zergatik gertatzen ari den hori, baina kasuak ezagun dituela esan du. Bestalde, itxarote zerrendak murriztekotan giza baliabideak ezin direla murriztu ohartarazi du Fernandezek, eta Osasunbidea hori egiten ari dela salatu. Erretiroak eta ordezkapenak ez dira betetzen, eta lan eskaintza publikorik ere ez da aterako, haren hitzetan: «Zaila izango da zerrendak txikitzea, ez badira profesional gehiago jartzen...».

Osakidetzak, berriz, ez du itxarote zerrendak murrizteko planik aurkezteko asmorik: «2010ean egin genuen plan serio bat, 81 orrikoa, itxarote zerrenden egoera sakon aztertzen zuena. Gerora, plan horrek ahalbidetu digu finkatutako helburuak betetzea». Verak bezala, pazienteek erantzukizuna dutela nabarmendu du Perezek, hala ere: «Lehengo urtean, ia 10.000 ebakuntza ez ziren egin. Horietatik 1.600 justifikatu gabeko arrazoiengatik izan ziren. Ebakuntza horiek guztiak egingo balira, murritzagoak izango lirateke itxarote zerrendak». 382.000 paziente inguruk egiten dute kale lehen kontsultan, Osakidetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.