"Bateratu", egin behar horrekin laburtu daiteke Iñigo Urkullu lehendakariak gizarteari bidali nahi izan dion mezua, urte amaierako agerraldian. Lehen aldiz Gernikako arbolaren ondotik bota du mezua, Gernikako estatutuari eta "eskubide historikoei" erreferentzia zuzena egiteko asmoz. Izan ere, autogobernuaren "erronkak" izan ditu hizpide nagusietako bat; horiekin batera, enplegua, klima larrialdia eta erronka demografikoa.
Urkulluk "indarrak eta borondateak bateratzeko" beharra azpimarratu du bere mezuan. Izan ere, lehendakariak adierazi du 2020. urtea ez dela "erraza" izango, eta gehitu du aurrera egin ahal izateko "ezberdinen arteko elkarrizketa" sustraitzea ezinbestekoa izango dela; nahiz eta berdin pentsatzen dutenen artean akordioak lortzea baino "zailagoa" izan. Autogobernua izan du hizpide hitz horiek ahoskatzean, eta adierazi du "ahalegin bat" egitea ezinbestekoa dela: "Jarrera aldaketa bat eskatzen du, gu nor garen eta zer garen modu irekiago eta bateratzailean ulertzea". Batasunaz hitz egiteko baliatu du Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola lehendakarien "eredua" ere. Lehenaren erbestea eta bigarrenaren itzulera izan ditu hizpide, eta adierazi du, haiena izan zen bezala, egungo garaia ere "ziurgabetasunez beteta" dagoela. "Erronka izugarriak ditugu; belaunaldi baten ikuspegia gainditzen duten erronkak dira", nabarmendu du.
Enpleguari dagokionez, lehendakariak azpimarratu du hark "kalitatezkoa" izan behar duela, batez ere, "gazteentzat". Urkulluk adierazi du 2020ko egoera ekonomikoa ez dela 2008. urtearen aurretik —krisi ekonomikoaren aurretik— zegoena izango. Horri erantzunak eman ahal izateko "enpresa eredu berri bat" sustatzea ezinbestekoa dela.
Klima larrialdia izan da nazioarteko gai garrantzitsuenetako bat 2019an, eta Urkulluk ere erreferentzia zuzena egin nahi izan dio gaiari. Adierazi du "trantsizio energetikoa" eta "mugikortasun energetikoa" euskal erakundeen eta gizartearen agendan txertatuta daudela, eta arlo horretarako ere "gaitasun bateratuen" beharra aldarrikatu du: "Erantzun berriak eskaintzeko eta aukerak baliatzeko".
"Neurriak eta baliabideak behar ditugu, familiei laguntzeko eta kontziliazioa errazteko". Hala adierazi du lehendakariak erronka demografikoaz aritu denean, eta erakunde eta eragileek adostutako Migrazio Ituna txalotu du, harrerari eta integrazioari "erantzun positibo bat eskaintzeko" akordio gisa definituta. Aurretik egin bezala, iraganean jarri du fokua etorkizunera begiratzeko: "Gure herriari harrera eskaini zaio beti erbestean, orain harrera eskaintzea dagokigu".