Hizkuntzen egoera, gutxitutako hizkuntzen bidea du alor Itziar Idiazabalek (Gaintza, Gipuzkoa, 1949). Euskal Filologian katedraduna da EHUn, eta Unesco katedrako arduraduna. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da hizkuntz aniztasuna. Aukera da euskararentzat, ondo eginez gero.
Hizkuntz aniztasunaren kontzientzia badago Euskal Herrian?
Unesco katedraren helburuetako bat hori da: gure artean aniztasun horren kontzientzia zabaltzea eta sentiberatasuna bultzatzea. Pentsatzekoa da gu beste asko baino sentsibleagoak garela, gure hizkuntza indartzeko lanetan hainbesteko ahalegina eginda. Hizkuntz eta kultur aniztasuna gure artean kontuan hartzen dira, baina badaude gauza asko jendeari ez zaizkionak hain garrantzitsuak iruditzen. Euskal Herriak oso zeregin indartsua du, eta hori erakusgarria da munduaren aurrean. Uste baino zeregin gehiago daukagula esango nuke. Adibide bat. Unescok eskatuta, txosten bat egin genuen munduko hizkuntz komunitateei buruz —ia mila aztertu genituen—, eta garrantzi handia zuen. Unescok enkargatu zigun, baina argitaratzeko orduan ez zigun onartu. Zergatik? Unesco NBE Nazio Batuen Erakundekoa da. Estatu askori ez zitzaizkien gustatzen hor esaten zirenak. Gauza asko agerian jarri genituen, hizkuntzaren trataeran oso gauza desegokiak egiten ari zirela. Betoa jarri ziguten. Gaur egun, hala ere, Unescoren diskurtsoak oso egokiak dira: hizkuntz aniztasuna benetan azpimarratzen ari dira, eta, hori bideratzeko, irakaskuntza eleaniztuna azpimarratzen da gehien.
Estatuen jarrera malgutu da? Aniztasuna errespetatzen dute?
Europako Hizkuntza Gutxituen Karta hor dago. Frantziak azkenean sinatu, sinatu zuen; baina gauza bat sinatzea da, eta beste bat, benetan horren alde egitea. Politika ofizialek oraindik ez daukate interes handirik. Gizartea kontzientzia hartzen ari den heinean, agertzen dira egitasmoak hemen eta han. Horregatik, gehiago kostatzen da erabat itsu egotea. Baina trabak badaude: adibidez, Espainiako lankidetza erakundean. Kooperazio lanak bultzatzen ditu. 2010ean proiektu bat eskatu genuen Kolonbiako embera hizkuntza indartzeko; urte batean egin eta jarraitu beharrekoa zen. Baina urte batean eman ziguten, eta hortik aurrera, ez. Inork ez dizu esango gaizki ari zarela. Alderantziz: oso ondo ari zarela esango dizute. Baina gero, dirua jarri behar denean, hor etortzen dira arazoak; hor ikusten da benetan alde dauden edo ez.
Kalean ere gertatzen da hori?
Denok dauzkagu argumentuak oso garbi: gaur egun, oso zaila da inor aurkitzea hizkuntz aniztasunaren aurka hitz egingo duena. Hori ez da izan beti horrela, eta, oraindik ere, leku batzuetan elebitasuna arazo gisa ikusten dute, batez ere hizkuntza nagusiak dituzten herrialdeetan. AEBetan pentsatzen dute ingeles elebakarra dela eredugarriena. Europan, oro har, ondo ikusten da hizkuntza asko jakitea. Baina ahalegina egin behar denean hizkuntza txikitu bat indartzeko, horrek ahalegin eta kontzientzia berezia eskatzen du. Eta hor denetarik dago. Pertsonen sentsibilitate berezian oinarritu beharra dago. Euskal Herrian, zoritxarrez, euskaldunon gainean jausten da eginkizuna. Euskaldun ez diren hainbat ere badaude hizkuntz aniztasunaren alde, baina oso agerian gelditzen da: hemengoaren alde egiten ez baduzu, nola egingo duzu besteen alde?
Elebakartasuna gaizki ikusia da?
Okerrago ikusia egon beharko luke; arazo handia da. Oraindik, munduko boteretsu asko elebakarrak dira. Kostatu egingo da. Denentzat da arazoa. Gizakiaren ahalmen handi bati itsututa begiratzea da, eta, gainera, horrek dakartzan aberastasunei ez ikusi egitea edo ezinikusia izatea. Hori ez da ona. Dena itzuli behar da, dena galbahetik pasatu... Galbahe ezberdinak erabiltzeko aukera baldin badaukagu, zergatik ez ditugu erabili behar?
Aniztasuna bai, baina ingelesa euskararen aurka ikusi izan dute.
Leku askotan horrela izan da. Valentzian, valentzieraren edo katalanaren aurkako politika izan da ingelesa bultzatzea; Nafarroan ere bai, garbi-garbi. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dut esango intentzio hori izan duenik proiektuak berez, baina arrisku moduan ikus daiteke, ez baldin bada oso ondo egiten. Esaten dute ingelesa sartu dugula eta euskarak ez duela izan atzerapenik. Ez da nahikoa; euskarak irabazi egin behar du. Ingelesa sartuta, euskarak ere irabazi egin behar du. Hori lortzeko ingelesa sartzen dugun heinean, nik ondo ikusiko dut. Baina euskararekin oraindik ez dugu lortu lortu beharrekoa, oso zaila delako. Ez dugu pentsatu behar 30 urte daramatzagula, hau egina dagoela eta beste gauza bati ekin behar diogula. Euskarak oraindik asko dauka egiteko. Erabilera gutxi izatea eta horrelakoak ez dira kasualitatea; ez dira bakarrik gizartean erdara oso indartsua delako, baizik eta euskararen lanketan gauza asko egin gabe dauzkagulako. Hemen, oraindik eta derrigorrean, eskolaren helburu nagusia da euskara behar bezala ahalik eta jende gehienari eskuratzen laguntzea. Hori oraindik ez dugu lortu. Izugarri, asko, inon baino gehiago lortu dugu, baina oraindik gauza asko dauzkagu egiteko. Buruari buelta pare bat eman behar zaizkio: nola uztartu hiru hizkuntzak, nola aprobetxatu baliabideak... Ez besterik gabe ingelesari ordu erdi bat gehiago jarri, ez. Hirurak ikas ditzagun, baina hirurak hobetze horretan ahulenak zer irabaziko duen kontuan hartuz.
Utopia da hezkuntza sistema eleaniztunari buruz hitz egitea?
Derrigorrezko utopia bat da. Zaila da, baina derrigorrezkoa. Utopia zentzu onean hartu behar da; hori gabe, ez daukagu aurrera egiterik. Eleaniztun onak lortzea posible da, baldintza asko oso ondo baldin badaude. Gainera, ezin dugu hortik aldendu: derrigorrezko dugu. Lortu beharreko utopia da, eta aurrera egiteko bultzagarri.
Indarra hartzen ari dira hizkuntzen ekologia, bizikidetza... Utopia gehiago?
Teoria ezberdinak daude. Hor erronka handi bat daukagu. Urte askoan pentsatu izan da elebitasuna elebakartasunera doan erdibideko egoera bat dela. Frogatzen ari gara posible dela maila ezberdinetako eta erabilera ezberdinetarako elebitasun edo eleaniztasun iraunkorra. Munduan nahiko hedatua dago. Ez munduko hizkuntza indartsuenekin, baina herrialde indigenetan oso arrunta da jendea bi, hiru eta lau hizkuntzarekin bizitzea. Noski, oso baldintza ezberdinak dituzte gureekin alderatuz. Baina gurean ere geroz eta normalago ikusten dut familietan-eta pelikulak frantsesez edo ingelesez ikustea, euskaraz aritzea, eta gaztelaniaz... Horrek zer dakar? Bat besteen gainetik? Elebitasun edo eleaniztasun orekatua eta tontakeria horiek kendu egin behar dira. Orekaren kontu hori inork ez daki zer den, eta beti gutxituen kontrako arma bihurtzen da. Zergatik ez egoera elebidun edo eleaniztun hori nahiko arrunt bihurtu? Ingelesezko pelikula batzuk ikusten dituztelako familia batean, horrek ez du esan nahi euskara desagertzen edo galtzen ateratzen denik derrigorrean.
Egoera horretara moldatu da euskarari buruzko diskurtsoa?
Etengabe egokituz joan behar dugu. Orain 30 urte esaten ziren gauza asko moldatu ditugu —elebitasuna arriskutsua dela...—. Baina badira hainbat aurreiritzi oker: talde batean euskaraz ez dakien bat baldin badago erdaraz egin behar ote den... Bultzatu behar da euskaldunak agerian jartzea. Gero eta gehiago gara, eta ezkutuan geratzen dira, batez ere hiri handietan eta ezezagunen artean. Ez da edukazio txarrekoa edozeini edonon euskaraz hastea, baina beti eskatzen du ahalegin berezi bat. Eta ahalegina beti euskararen kontra badaukagu, horrek atzerapena dakar erabileran. Ahalegin berezia egiteko eskatzen digu horrek oraindik. Eta beti ezin diogu jendeari eskatu militante izateko. Ageriago jarri behar da, modu naturalean hitz egiteko.
Munduan eredugarri da euskararen gorabidea?
Bai, eredugarri da. Hizkuntzak egoera sozioekonomiko eta linguistiko jakin batzuetan bizi dira; hizkuntza gizartearen emaitza da. Giza eremu guztietan ez dira izan baldintza berak. Baina bada eredugarri nolabait, erakusten duelako 50 urtean egoera bati goitik beherako buelta eman zaiola. Hori leku gutxitan egin da munduan. Ahalegin horretan egiten den gutxia ere ona da; nahiz eta ez lortu dena, lortzen den guztia ona da. Kolonbiako erkidego txiki batzuetan ikusi dugu nola beren hizkuntzaren alde ahaleginetan jartzen direnean gizarte osoak aurrera egiten duen: eskolari garrantzi handiagoa ematen diote, irakasleen eta gurasoen arteko harremanak estutu egiten dira... Hizkuntza gutxitu bat eskolatzea eta berreskuratzea garapen motorra da beti. Ez duzu dena lortzen, baina lortzen duzun gutxi hori beti da aurrerapausoa. Euskal Herrian zer gertatu da? Gure eskolak zergatik dira hobeak Espainiakoak baino? Euskara sartu dugulako. Euskara eskolarentzat hobegarri izan da. Zuk hizkuntzen aurrerabidean lan egin behar baduzu, eginkizun konplexuago batean murgiltzen zara, eta horrek zure gaitasunak konplexuago eta gaituago egiten ditu. Eskola elebidunak elebakarrak baino hobeak dira alde guztietan, eta bertako hizkuntza indartzen bada, are eta gehiago.
Baina mantsotzea nabari duzu?
Bai: errutina batera heldu gara. Uste da lortua dagoela, eskolak euskaldunak direla eta plan berezirik ez dela behar. Normala dela uste da, eta ez da. Eskolen gaitzik handiena errutina da leku guztietan. Oso txarra da, esan nahi baitu garai bateko soluzioei eusten zaiela, nahiz eta beharrak aldatu. Gure eginkizuna, gainera, oso konplikatua da: bi eta hiru hizkuntza irakastea oso konplikatua da. Ezin dugu jendea engainatu esanez bat ikastea bezala dela. Ikasleek lan berezia egin behar dute, baina bereziki irakasleek. Orain 20-30 urteko sumin hura itzali bezala egin da, eginda balego bezala.