Ertzain batek positibo eman du drogak atzemateko proban, eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haren kontrako behin-behineko neurriak hartu ditu, odol azterketaren emaitzak jakin bitartean. Ertzaina patruilan zebilen beste lankide batekin Etxebarrin (Bizkaia), eta hango industrialde batean auto susmagarri bat ikusi zutenean, gelditzeko agindu zioten, baina hura ihes egiten ahalegindu zen. Ertzainen autoa haren atzetik abiatu zen, eta, azkenean, Bilbon zeudela, auto biek istripua izan eta elkar jo zuten.
Bilboko udaltzainak bertaratu ziren, eta ikusi zuten ihes egindako autoaren gidariak igeltsadura zuela hanka batean; hortaz, zirkulazio segurtasunaren kontrako delitu bat egotzi diote. Bestalde, eta istripuetan ohikoa den moduan, alkohola eta drogak atzemateko proba egin zieten gidariei, eta ertzainak positibo eman zuen. Odol azterketa egiteko eta horren emaitzak probako emaitzekin alderatzeko eskatu du ertzainak; hori egin bitartean, kaleko patruilatzea utzi eta bulego lanetan arituko da, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.