Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza atzo Irunen hildako pertsona baten heriotza ikertzen ari da. Azaldu duenez, bihotzekoak jota hil da, ospitalean, baina hil baino lehen ertzain batzuei aurre egin zien, atzo bertan. Ertzaintzaren jokabideaz arduratzen den unitateak bere gain hartu du barne ikerketa.
Segurtasun Sailaren arabera, gertaerak errepide istripu bat izan zuen abiapuntu, Irunen (Gipuzkoa), GI-636 errepidean, 20:00 inguruan. Auto baten eta moto baten arteko istripua izan zen. Moto gidaria zauritu egin zen, eta Bidasoaldeko ospitalera eraman zuten. Autoko gidaria, ordea, ihes egiten saiatu zen. Segurtasun Sailak zehaztu du azken hori oso urduri zegoela, beste pertsona batzuk mehatxatu zituela eta hara joan ziren ertzainei eraso egin ziela. Orduan bihotzeko bat izan zuela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta bertan zeuden larrialdietako langileek artatu zuten. Egonkortzea lortu bazuten ere, gero ospitalera eraman zuten, eta han hil da.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Ertzaintza «berehala» hasi da zer gertatu den ikertzen. Barne ikerketa abiatzeaz gain, Kontrol eta Gardentasun Batzordeari gertatutakoaren berri eman diote, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.