Ertzainen soldatetarako da Segurtasun Sailaren aurrekontuaren hazkunde ia guztia

Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak onartu du segurtasunari buruzko bere diskurtsoa aldatu egin dela, «datuek hala beharturik».

Bingen Zupiria gaur, bere saileko aurrekontuak azaltzen. BERRIA
Bingen Zupiria gaur, bere saileko aurrekontuak azaltzen. BERRIA
xabier martin
2025eko azaroaren 4a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 850 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, gobernuak aurkeztu duen proiektuaren arabera. Beraz, iaz baino %6,4 gehiago. Hazkundea handiagoa da batezbestekoa baino (%4,1), baina hazkunde horren zatirik handiena Ertzaintzaren lantaldearen pertsonal gastuak ordaintzeko izango da, %94 hain zuzen.

Iaz, Ertzaintzaren sindikatu nagusiek eta Jaurlaritzak lan ituna egin zuten, urte askotako ezadostasunari amaiera emanda. Soldatak %10 igo dira, eta ertzain bakoitzak gutxienez 4.200 euro gordin gehiago jaso behar ditu urtero. Hori horrela, soldata igoera horiek ordaintzeko erabiliko da 2026an Segurtasun Sailak izango duen aurrekontuaren hazkundearen gehiengoa.

Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azaldu duenez, aurrekontuetan erakusten dute ahaleginduko direla 2030erako 8.000 ertzain izaten, eta jaso dituzte Ertzaintza «modernizatzeko» diru sarrerak ere. Kasurako, Enbor komunikazio sistema aipatu du —17 milioi euro hainbat urtean—. Sailburuak azaldu duenez, hari esker Ertzaintzaren komunikazioak «azkarragoak eta seguruagoak» izango dira, eta, hortaz, «zerbitzu eraginkorragoa» eskaini ahal izango dute. Halaber, iragarri du 24 auto elektriko erosiko dituztela. Gaur egun, 300 auto hibrido ditu Segurtasun Sailak, eta, guztira, 2.000 ibilgailu, horien artean berriki erosi dituzten BMW etxeko 300 autoak; bada, horien guztien %65 errekuntza motorrekoak dira. Lau urterako 13 milioi euroko inbertsioa aipatu du.

Arkautiko Akademian egin beharreko hobekuntzak ere azpimarratu ditu. Erantsi du akademia prestatu egin behar dela 8.000 ertzainen lantaldea edukitzeko, eta iragarri du laster beste oposizio deialdi bat egingo dutela, egindako azkenaren emaitza kaskarrak izan baitziren.

Diskurtso aldaketa

Oposizioko taldeen galderei ere erantzun die Zupiriak. EH Bilduko legebiltzarkide Gorka Ortiz de Guineak esan dio delinkuentziaren inguruan «eskuin muturrak duen markora gerturatu» dela azken hilabeteetan, legealdi hasierako ildoa bazter utzita, eta Zupiriari galdetu dio zergatik gertatu den hori. Izan ere, duela gutxi Zupiriak jakinarazi zuen delituak egiten dituztenen jatorria jaso eta adieraziko zutela. Sailburuak onartu egin du bere diskurtsoak aldaketa bat izan duela, eta «datu guztiak ezagutzeak» eraman duela «nahi ez» zuen diskurtso batera. «Gardentasunez» eztabaidatzeko gonbita egin du sailburuak.

Hala ere, ukatu egin du PPko eta Voxeko ordezkariek delinkuentziaren inguruan egin duten diagnosi gogorra. «Euskadi oraindik ere herrialde segurua da», ziurtatu du. Eta gaineratu du ez duela ulertzen «bizkartzainekin ibili direnek» horrelako azterketak egitea.

Bestalde, iragarri du Ertzaintzaren barruan talde berezi bat prestatzen ari dela indarkeria matxistari erantzuteko, eta laster egongo dela prest. Biktimek «arreta osoa eta pertsonalizatua» jasotzeko helburua izango du talde berezi horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.