Gizon baten gorpua aurkitu zuten iragan larunbatean Leioako (Bizkaia) etxe batean. Gorpuari autopsia egin eta gero, Ertzaintza ikertzen ari da gizona zergatik hil zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
El Correo egunkariak zehaztu du gizon horrek errentan hartuta zuela etxe horretako gela bat. Etxejabeak ez zuen aspaldian ikusia. Atea irekitzeko eta erantzuteko eskatu zion, baina hark erantzuten ez. Hori ikusita, jabeak atea ireki zuen. Gizona hilda zegoen ohean. Anbulantziako medikuak ez zuen egiaztatu heriotza naturala izan zela. Bilboko Auzi Medikuntzako Institutuan egin zioten autopsia, eta auzi medikuek ohartarazi zuten gorpuan zeuden seinale batzuk ez zirela normalak, El Correo-k jakinarazi duenez. Ondorioz, epaileak Ertzaintzari agindu dio heriotza ikertzeko.