Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, Ertzaintzak barne ikerketa bat abiatu du argitzeko agente batek adingabe bati eraso egin ote dion. Adierazi dutenez, Eibarko (Gipuzkoa) ertzain etxeak abisu bat igorri zion joan den igandean Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitateari, erranez patinete elektriko batean zihoan adingabe bati eraso egin ziola Ermuko (Bizkaia) Ertzaintzako agente batek.
Poliziaren arabera, gazte hori kontrako norabidean zihoan, eta ertzainek gelditzeko agindu zioten, gero identifikatu ahal izateko. Gaztea ez zen gelditu, eta, geldiarazi zutenean, poliziak eraso egin zion; are, mozal legea aplikatu zioten desobedientziagatik eta salaketa bat jarri kontrako norabidean ibiltzeagatik. Adingabearen familia Eibarko polizia etxera joan zen, baina ez zuen salaketarik jarri; Barne Arazoetarako Unitateak, baina, ikerketa abiatzea erabaki du.