Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoko gaztetxe bat hustu du

Gaztetxe barruan zeuden gazteak kanporatu dituzte, eta ez da istilurik izan.

Kiñu gaztetxeko kideen epaiketa gaitzesteko kontzentrazioa joan den urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kiñu gaztetxeko kideen epaiketa gaitzesteko kontzentrazioa joan den urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 31
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste gaztetxe bat hustu du Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez. 09:00etan sartu dira ertzainak Puxka kolektiboak kudeatzen zuen eraikinera, eta barruan zeuden gazteak kanporatu dituzte. Bi orduan hustu dute.

Ez da istilurik gertatu gaztetxea husterakoan, baina ertzainek espediente bat ireki diote kanpoan zegoen lagun bati, Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea —mozal legea esaten zaiona— aplikatuta; EFE albiste agentziak zabaldu duenez, gaztetxearen aurrean aldez aurretik jakinarazi gabeko kontzentrazioa antolatzea egozten diote. Gainera, beste bi pertsona identifikatu dituzte.

Errekalde eta Larraskitu auzoen arteko errepideko pabiloi batean zegoen gaztetxea, 30 urte itxita zeramatzan okindegi batean. Okindegiaren jabeek salaketa jarri zuten Puxka kolektibokoek lokala okupatu zutenean.

Ez da auzo horretan hustu duten lehen gaztetxea. Iazko apirilean, adibidez, istiluak izan ziren ertzainek auzo horretako Etxarri II gaztetxea itxi zutenean, eta Iker Arana gazteak barrabil bat galdu zuen Ertzaintzaren foam jaurtigai baten ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA