Ertzaintzak indarkeria erabiltzeko duen «inpunitatea» bukarazteko eskatu dute Xuhar Pazosen auziaren bigarren urteurrenean

Tolosako inauterietan foam jaurtigailu batekin zauritu zuen Ertzaintzak Pazos, eta eskuineko begia ikusmenik gabe utzi dio kolpeak. Polizia eredua aldatu dezatela eta biktimei aitortza egin diezaietela eskatu dute elkarretaratzean.

Xuhar herri plataformako kideen elkarretaratzea, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Xuhar herri plataformako kideen elkarretaratzea, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 12a
20:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain bi urte hasi zen gure infernua», aitortu dute Xuhar herri plataformako kideek. Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), hain justu duela bi urte ezbeharra gertatu zen Soldatu kalean bertan. Bi gauza eskatu dituzte nagusiki: Polizia eredua ezbaian jartzea, eta Ertzaintzak indarkeria erabiltzeko duen «inpunitatea» amaitzea.

2024ko otsailaren 13a zen, inauterietan zen Tolosa, eta Ertzaintzak Xuhar Pazos lurrera bota zuen foam jaurtigai batekin. «Istilu batzuk desegitera» sartu ziren ertzainak plazara, eta esplikatu zuten gazte batzuek botilak jaurti zizkietela; horregatik hasi zirela haiek ere foam jaurtigaiekin erantzuten. Orduko hartan Josu Erkoreka zen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, eta kontatu zuen Pazos zela botilak botatzen ari ziren gazte horietako bat. Bada, segurtasun kameren bidez jakin dute 16 urteko gazte billabonatarra ez zela istiluetan parte hartzen ari, eta hark ez zuela inolako botilarik jaurti. Baina ertzainek hura jo zuten, eta eskuineko begiaren ikusmena erabat galdua du geroztik.

«Hasieratik saiatu gara proportzionaltasuna ezbaian jartzen eta bertan zeuden agenteak auzibidean jartzen», erran dute elkarretaratzean, nahiz eta «ondo» dakiten besta giroan «segurtasun neurririk errespetatu gabe tiroka hastea» ez dela proportzionaltasunez jokatzea. Eta ahoan bilorik gabe salatu dute «agerian» geratu dela zein den auzi honen gaineko neurriak hartzea dagokien sailburuen eta epaileen asmoa: «Auzi hau beste askoren moduan artxibatzea eta Ertzaintzari eta haren jokabide biolentoei inpunitate osoa eskaintzea». 

Izan ere, bi aldiz artxibatu dute Xuhar Pazosen auzia. 2024ko azaroan, Tolosako 1. Instrukzio Auzitegiak auzia ikertu gabe itxi zuen, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegian helegitea jarri ondotik, hark instrukzio auzitegiari agindu zion berriro ere auzia ireki eta gertatutakoa iker zezala. Jaurtigaiak jo eta hogei hilabetera deklaratu zuen Pazosek epailearen aitzinean —lehen instrukzioan ez zuen horretarako aukerarik eduki—, eta auzitegiak berriz artxibatu zuen auzia, ertzainen txostenaren egileak, udaltzainak eta lekukoak aditu gabe. Alegia, Pazos adituta bakarrik. 2025eko abenduaren hasieran gertatu zen hori, eta gaztearen abokatuak helegitea jarriko zuela erran zuen urte bukaeran.

«Ez da azkena izango»

Xuhar herri plataformaren irudiko, «arazo larria» da gertatzen ari dena, bertzeak bertze «herritarren segurtasuna bermatu behar duten horiek osasuna eta ongizatea arriskuan» jartzen dutelako, eta herritarrak «larriki» zauritzen dituztelako. Errandakoak indartzeko, izen historiko batzuk ekarri dituzte gogora: Rosa Zarra, Iñigo Cabacas, Remi Aiestaran, Amaia Zabarte, Iker Arana eta Aritz Ibarra, erraterako. «Xuhar ez da lehenengoa izan, eta, tamalez, ez da azkena izango».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua jarri dute hurrena jopuntuan, eta «biolentzia katea zuritzeari» utz diezaiola eskatu diote, eta, bide batez, biktimenganako errespetua adierazi dezala. «Ertzaintzak ezin du modu anakronikoan herritarrak zauritzen jarraitu. Kalte atzeraezinak utzi zizkion duela bi urte Ertzaintzak Xuharri, eta gaur egun oraindik oinazea sortzen diote zauriek».

Eskerrak emanez itxi dute elkarretaratzea: «Eskerrak urte hauetan lehen momentutik gugana gerturatu eta babesa adierazi diguzuenei». Hitzeman dute Xuharren —eta egoera berean daudenen— aitortzaren eta erreparazioaren bila jarraituko dutela, eta lanean arituko direla Poliziaren indarkeria bukatu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.