Ertzaintzak «talde kriminal bat» desegin du Donostialdean, sexu eraso baten ikerketatik abiatuta

19 eta 21 urte bitarteko hiru gizon eta emakume bat atxilotu dituzte, iragarki faltsuen bidez 300 laguni baino gehiagori iruzur egitea egotzita.

Sexu eraso bat gaitzesteko elkarretaratze bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sexu eraso bat gaitzesteko elkarretaratze bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 1a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak «talde kriminal» bat desegin du Donostialdean, adingabe baten aurkako sexu eraso baten ikerketatik abiatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 19 eta 21 urte bitarteko lau lagun atxilotu ditu— hiru gizon eta emakume bat—, iruzur eta mehatxu jarraituak egitea eta talde kriminal bateko kide izatea leporatuta.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, talde horrek 300 laguni baino gehiagori egin die iruzur, batez ere Espainian, iragarki faltsuen bidez. Iruzurren bidez 50.000 eurotik gorako irabaziak lortu zituzten.

Ikerketa joan den urtarrilean hasi zuen Ertzaintzak, Donostian adingabe baten kontrako sexu eraso baten ustezko egilea atxilotu zutenean. Ertzaintzak, gizonezkoaren sare sozialak arakatzean, eduki sexualak eta harreman zerbitzu faltsuen iragarkiak atzeman zituen, eta hortik abiatutako ikerketari esker identifikatu zituen beste pertsona batzuk.

Ertzaintzak dioenez, iruzurrak egiten zituen taldea 2022ko irailetik ari zen jardunean. Iragarki faltsuak argitaratzen zituen kontakturako plataforma digitaletan, eta, interesdunak harremanetan jartzen zirenean, ordainketa elektronikoak edo transferentziak egitera edo kutxazainetan dirua sartzera behartzen zituzten. Gainera, biktimei mehatxuak eta xantaiak egiten zizkieten: diru gehiago eman ezean kontratatutako zerbitzua eta elkarrizketak senide eta hurbilekoei zabalduko zizkietela esaten zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.