Salatu dute ertzainek oztopatu egin dutela Arana zauritu zuena nor den argitzeko ikerketa

Justizia Aranarentzat plataforma aurkeztu dute, foam bala batez zauritutako gizonaren alde. Gorputzeko kamerak erabiltzeko modua salatu dute: «Denak zeuden itzalita, edo irudiak lausoak ziren, edo beste leku batera zuzenduta zeuden».

Iker Arana (ezkerrean) eta Asier Pradera, plataformaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Arana (ezkerrean) eta Asier Pradera, plataformaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko uztailaren 9a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 3an, Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan, Iker Arana 33 urteko auzokidea larri zauritu zuten, eta barrabil bat galdu zuen, Ertzaintzak jaurtitako foam bala baten ondorioz. Orain, Justizia Aranarentzat izeneko plataforma aurkeztu dute haren lagun eta auzokideek, auzia argitu dadila eskatzeko eta Ertzaintzaren «basakeria eta inpunitatea» salatzeko.

Arana bera egon da Bilboko justizia jauregiaren aurrean egindako agerraldian, lagunek eta auzokideek inguratuta, eta gogora ekarri du apirilaren 3an zer gertatu zen. Esan duenez, bera eta beste hogei pertsona inguru Eskurtze institutuaren aurrean zeuden: «Denak ginen lagunak edo auzoko bizikideak, eta egonean geunden, inolako istilurik eragin gabe». Orduan, ertzain batek tiro egin zien. «Guk jarrera hori txarretsi genuen, eta, orduan, bigarrenez egin ziguten tiro. Bigarren balak jo ninduen». Aranak nabarmendu du «zuzenean eta nahita» egin ziotela tiro hankartera: «bildu ditugun frogek hala erakusten dute».

Joan den astean jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak identifikatu duela Aranaren kontra tiro egin zuen ertzaina. Aranak argitu duenez, ingurukoek bildutako frogei esker lortu dute ertzaina identifikatzea: «Nire lagunek egunak eman dituzte inguruko etxebizitza guztietako txirrinak jotzen, auzokideek hartutako bideoak eta argazkiak jasotzeko». Irudi horiek guztiak izanagatik ere, Segurtasun Sailak hiru hilabete behar izan ditu ertzaina identifikatzeko, Aranak salatu duenez.

«'Ertzaina' hitzak 'herriaren zaindari'esan nahi du, baina horrek ez du zerikusirik haien jarduerarekin»

IKER ARANAErtzaintzak zauritua

Ertzainek eraman ohi dituzten gorputzeko kamerak, berriz, ez dira oso lagungarri izan: orotara, ertzainek 35 kamera zeramatzaten, baina haietatik ez da froga argigarririk lortu. «Denak zeuden itzalita, edo irudiak lausoak ziren, edo beste leku batera zuzenduta zeuden». Aranak esan duenez, ez du uste etorkizunean sistema hori baliagarria izango denik antzeko kasuak argitu ahal izateko: «Ertzainek berek erabakitzen dute noiz piztu eta noiz itzali; interesatzen zaienean piztu egiten dituzte, eta interesatzen ez zaienean, ez».

Aranak gogora ekarri du zein den Ertzaintza hitzaren jatorrizko esanahia: «Herriaren zaindari omen dira, baina, nik bizi izan dudanari dagokionez, esanahi horrek ez du zerikusirik haien jarduerarekin». Gainera, salatu du «ikerketa oztopatzen» aritu direla, auzia argitzen lagundu beharrean.

Justizia Aranarentzat plataformako kide Asier Praderak esan du Aranarena «Ertzaintzaren indarkeriaren eta inpunitatearen beste adibide bat» dela. Gogora ekarri du Iñigo Cabacasen auzia —duela hamahiru urte hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jota, Bilbon— eta Etxarri II gaztetxea hustu zutenean beste bi lagun zauritu eta lau atxilotu izana. «Poliziaren benetako eginkizuna ez da herritarrak zaintzea, boteretsuen klase pribilegioak babestea baizik. Hori argi gelditzen da manifestazio baten kontra oldartu edo etxegabetze bat gauzatzen den bakoitzean».

 

Plataformaren eskaerak

Zenbait eskaera egin ditu plataformak: alde batetik, Aranaren auzia «guztiz argitzea» eta hari lotutako «erantzukizuna» nori dagokion azaleratzea; eta, beste alde batetik, «gutxieneko neurriak» hartzea horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Nagusiki hiru dira plataformak eskatzen dituen gutxieneko neurri horiek. Foam balak eta jaurtigailuak debekatzeko eskatu dute, «arma mota horrek ondorio larriak eta atzeraezinak baititu pertsonen osotasun fisikorako, askotan frogatu den bezala». Gainera, polizia agenteak eta haien agintariak «erraz identifikatzeko» bideak jartzea galdegin dute, «gardentasuna eta kontu ematea bermatzeko». Azkenik, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra desagerrarazteko eskatu dute.

Mobilizaziorako deia ere egin du plataformak: «Indarkeria mota horren harira, ezin gara geldirik egon, eta ezin dugu utzi erantzuleak zigorrik gabe gera daitezela. Antolakuntzak eta borrokak baino ez dute lortuko bidea zabaltzea egia, justizia eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeak izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.