Bilbon gizon bati barrabiletara tiro egin zion ertzaina identifikatu dute

Iker Aranak barrabil bat galdu zuen foam jaurtigaiak eragindako lesioen ondorioz. Zupiriak sinesgarritasuna eman zion hark salatutakoari, eta, orain, biktimak aurkeztutako dokumentazioa funtsezkoa izan da polizia identifikatzeko.

Ertzain bat, Etxarri II husteko operazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ertzain bat, Etxarri II husteko operazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 2a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko polizia operazioan Iker Aranari lesio larria eragin zion ertzaina identifikatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Radio Euskadik adierazitakoaren arabera, Aranak berak aurkeztutako materiala funtsezkoa izan da agentea identifikatzeko. Hain zuzen, Bingen Zupiria sailburuak sinesgarritasuna eman zien haren hitzei, eta adierazi zuen hark bildutako dokumentazioak bat egiten duela salaketarekin: hau da, ertzain batek herritar talde bati apuntatu eta Aranari barrabiletara tiro egin ziola. Horren ondorioz, barrabil bat galdu zuen 33 urteko gizonak.

Aranak sei egun egin zituen Basurtuko ospitalean, eta prentsaurreko bat eman zuen handik atera ostean, gertatutakoaren berri emateko. Gerora, salaketa bat ere aurkeztu zuen. Haren arabera, 21:15 eta 21:45 artean, gaztetxearen inguruan zegoen herritar talde bat, istiluak gertatu ziren eremutik urrun. Halere, ertzain talde batek haiei apuntatu zien, eta horietako batek tiro egin zuen. Orduan, Arana beso zabalik gerturatu zen, tiro egin izana salatuz, eta ertzain batek barrabiletara tiro eginda erantzun zuen. «Pistola berri hauek mira daukate apuntatu ahal izateko, eta ez dute huts egiten. Ertzainak apropos tiro egin zidan barrabiletara», azaldu zion BERRIAri.

Zupiriak ez zuen Aranaren bertsioa zalantzan jarri. Kontrara, sinesgarritasuna eman zion salaketa «gogor» hari, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean egindako agerraldian: «Litekeena da ertzain batek desegoki jokatu izana». Zehaztu zuen biktimak deskribatutako foam balak bat egiten duela Ertzaintzak erabiltzen dituen 40 milimetroko jaurtigaiekin, eta azaldu sailak ikerketa bat martxan duela gertatukoa argitzeko.

Eginbeharren artean, Aranak aurkeztutako materiala aztertzea aipatu zuen Zupiriak, eta, itxuraz, hura funtsezkoa izan da agentea identifikatzeko. Haren ingurukoek gertakarien uneko hainbat argazki eta bideo eskuratu zituzten hurrengo egunetan, eta haietan tiro egin zezaketen ertzain gutxi batzuk ageri dira. Ez dira baliagarri izan, ordea, operazio hartan poliziek zeramatzaten ia berrogei kamerak, sailburuaren arabera ez baitzuten eraso hura grabatu. «Ez dira beti behar den bezala erabiltzen», aitortu zuen Zupiriak.

Hain zuzen, tiro egin zuen agentea identifikatzea zen Zupiriak aipatutako zereginetako bat. Horretarako, adierazi zuen han zeuden ertzainak identifikatuko zituztela, eta, zehazki, foam jaurtigaiak zituzten agenteak. Berez, operazio oro hasi aurretik, halako armak zer agentek daramatzaten zehaztu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.