Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazioa egingo dute hilaren 20an Bilbon

Eusko Jaurlaritzari leporatu diote gizarte mugimenduen aurkako «kriminalizazio kanpaina» bat abiatzea. Deitzaileem artean daude Global Sumud Flotilla, Justizia Aranarentzat plataforma edota Errekaleor Bizirik, besteak beste.

Mobilizazioaren antolatzaileak, Bilbon gaur egindako agerraldian. Mahaian, ezkerretik eskuinera, Haizea Urkizu Global Sumud Flotillako kidea eta Ixone Santamaria Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistakoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mobilizazioaren antolatzaileak, Bilbon gaur egindako agerraldian. Mahaian, ezkerretik eskuinera, Haizea Urkizu Global Sumud Flotillako kidea eta Ixone Santamaria Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistakoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko ekainaren 6a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak izandako jarrera bortitzak eta «antzeko beste gertakari batzuek» segurtasun publikoaren kudeaketaren inguruko eztabaida hauspotu dute eta kezka handia eragin dute hainbat eragileren artean. Ezinegon hori plazaratzeko manifestazioa antolatu dute: Bilbon egingo dute, hilaren 20an —17:30ean, Plaza Eliptikotik—, Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean. Haien hitzetan, gertatzen ari dena ez da kasualitatea, eta erantzun kolektibo bat behar du.

Deitzaileen artean daude Ertzaintzaren indarkeria pairatu duten zenbait talde eta norbanako —Amaya Zabarte eta Iker Arana, tartean—. Haien arabera, azken urteetan poliziak gogortu egin du gizarte eragileen aurkako erantzuna: protestetan zaurituak, atxiloketak, identifikazioak eta isunak izan dira hainbat esparrutan: etxebizitzaren aldeko mobilizazioetan, eskuin muturraren aurkakoetan, gaztetxeetan, futbol partidetan...

deitzaileak

  • Euskal Herriko Global Sumud Flotilla.

  • Amaya Zabarte.

  • Justizia Aranarentzat plataforma.

  • Gazte Koordinadora Sozialista.

  • Errekaleor Bizirik.

  • Azpeitia Errepresioaren Aurka.

  • Herri Norte Taldea.

  • Bultzada Txuri-urdina.

  • Iraultza 1921.

  • Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista.

  • Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea.

Manifestazioa aurkezteko agerraldian irakurritako agirian azaldu dutenez, mobilizazio horrekin Ertzaintzak haiekiko duen jokamoldea eta «inpunitatea» salatuko dute, baina baita Eusko Jaurlaritzak azken urteetan eraiki duten diskurtso politikoa ere. Haien iritziz, «kriminalizazio kanpaina» baten bidez herri mugimenduaren jarduna «jo puntuan» jartzen ari dira.

Horren adibide gisa Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak flotillako kideen harrerako gertakarien harira Eusko Legebiltzarrean eman zituen azalpenak jarri dituzte. Gizarte eragile batzuek Ertzaintzaren aurkako «gorroto irrazionala» zabaltzen ari direla adierazi zuen Zupiriak, eta beren protestekin «bizikidetza hausteko» nahia leporatu zien.

«Herri mugimenduen aurkako gorrotoa dago EAJren eta Ertzaintzaren aldetik, eta kriminalizazioa zein biolentzia polizialaren areagotzea horren lekuko dira»

HAIZEA URKIZUGlobal Sumud Flotillako kidea

Haien ustez, halako adierazpenen bidez protesta soziala bera susmopean jarri nahi dute Segurtasun sailburuak eta Jaurlaritzak. «Uste dugu [Zupiriak esandakoaren] justu kontrakoa ari dela gertatzen, eta begi bistako arazo bat dagoela: herri mugimenduen aurkako gorrotoa dago EAJren eta Ertzaintzaren aldetik, eta kriminalizazioa zein biolentzia polizialaren areagotzea horren lekuko dira».

Ertzaintza eta kapitalismoa

Horren harira, eztabaidaren muina polizia ereduaren inguruan kokatzea akats bat dela nabarmendu dute. Haien arabera, «poliziaren gehiegikeriak zuritzea» ekartzen du horrek eta ezkutatzea «poliziaren egiturazko funtzioa sistema kapitalista eta bere instituzioak defendatzea» dela. Haien esanetan, «horregatik gertatzen dira hainbeste talka Euskal Herrian», eta ez «iraganeko gorrotoengatik», Zupiriak bere adierazpenetan iradoki zuen moduan. «Euskal Herrian kapitalismoaren injustiziei aurre egiten dien herri mugimendu zabal bat dago. Eta momentu honetan zera dago jokoan: kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriei erantzuteko marjina».

Tarte hori geroz eta estuagoa dela eta hori beren eguneroko praktikan nabaritzen ari direla salatu dute. Loiuko gertakaria testuinguru horretan kokatu dute, eta ez zela «kasu isolatu» bat izan azpimarratu dute. «Krisialdi egoeran gaude eta sistema kapitalistak bidegabekeria gero eta gehiago sortzen ditu. Genozidio baten lekuko gara, baita emakumeen aurkako biolentziaren, klima larrialdiaren edota faxismoaren gorakadaren lekuko ere».

Testuinguru horretan, gizarte mugimenduek duten «tresna nagusia» mobilizazioa dela eta hura defendatu beharra dagoela ohartarazi dute. «Askotariko mobilizazio ereduak daude eta guztiak dira zilegi: manifestazioak, birjabetzeak edota desobedientzia zibila, besteak beste», gaineratu dute.

Horrez gain, beren kritikak ez dituzte Ertzaintzara eta Eusko Jaurlaritzara mugatu. Poliziaren errepresioa joera orokortu bat dela nabarmendu dute, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izandako beste kasu batzuk gogoratu dituzte; adibidez, aste honetan bertan Iruñean atxilotutako 28 gazteena, Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzailearen aurkako protesta batzuetan parte hartzeagatik. «Argi eduki behar dugu gurean askotariko indar errepresiboak ditugula. Errepresioaren bidez gure klasearen antolakuntza ahuldu ez ezik, banaketa administratiboaren bitartez gure herriaren zapalkuntza betikotu ere egiten dute. Errepresio betean murgildu gaituzte estatuek, eta horren arduradunak seinalatzea urgentziazkoa da», nabarmendu dute.

frantziak ikerketa abiatu du Israelek flotillako kideei emandako tratuagatik

Frantziako Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak (PNAT) ikerketa bat ireki du Global Sumud Flotillako kideek Israelen esku egon zirenean salatu zituzten torturengatik eta gerra krimenengatik, 1984ko New Yorkeko Konbentzioan oinarrituta. Kasua Giza Eskubideen Aurkako Delituen aurkako bulego espezializatuak eramango du. Maiatzean, Gazara itsasontziz zihoazen 430 pertsona atxilotu zituen Israelek, horien artean Frantziako herritartasuna duten 37 lagun zeuden. Frantziako Kanpo Arazoetako ministro Jean-Noël Barrotek aurkeztu zuen salaketa epaitegietan, Turkiako kontsulatuak helarazitako informazioetan oinarrituta eta Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben Gvirrek argitaratutako bideoaren ondoren, non flotillako kideak tratu txarrak jasotzen agertzen ziren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE