Esako urtegia handitzeko lanak geratuta daudela adierazi dute bi elkartek

Rio Aragon eta Esa+Ez taldeak eman dute lanen etetearen berri. Esan dutenez, Ebroko Ur Konfederazioak bi langile ditu egun urtegian

Esako urtegia handitzeko lanak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ur gelditan. Esako urtegia handitzeko lanak «erabat etenda» daude gaur egun, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteen arabera. Azpiegitura horren aurkako taldeek ohar bidez salatu dute Ebroko Ur Konfederazioak, gaur-gaurkoz, bi behargin baino ez dituela hor lanean: administrari bat eta segurtasun arduraduna. Taldeon arabera, gutxieneko langile kopuru horri eutsi dio konfederazioak, «lanak abandonatutzat jo eta kontratua eten ez diezaioten». Ebroko Ur Konfederazioarengana jo du BERRIAk argibide eta konfirmazio eske, baina ez du erantzunik jaso.

Lanak geldirik daudela ikusita, Rio Aragon eta Esa+Ez elkarteek proiektuaren sustatzaileei exijitu diete «aitor dezatela Esa handitzeko lanak ez direla ez bideragarriak ez arrazoizkoak», eta hortaz, «bertan behera» utz dezatela enpresa eraikitzaileekin sinatutako kontratua: «Proiektu osoa birplanteatu beharko litzateke, egungo presa sendotu eta ur maila segurtasun parametroetara itzularazi, orain arteko jardunbide negargarriak eragindako okerrak zuzentzeko». Gogoratu dute 22 urte igaro direla lanen lehen harria jarri zenetik. «Ordutik, aurrekontua lau bider handitu da, orain arte gastatutako 400 milioi euroraino, eta suntsipena eraman dute Artieda, Zigoze eta Mianos herrietara».

Arrazoia

Horregatik uste dute, hainbeste urteren ostean, lanen etenaldiak arrazoia eman diela talde ekologistek egitasmoari egindako kritika ugariei: «Ebroko Ur Konfederazioak berak aitortu du zailtasun handiak dituztela proiektuaren 4. moldaketa bat onartzeko, eta ziur gaude adabaki horrek ere ez liekeela erantzunik emanen handitze lanek aspalditik dituzten egiturazko arazoei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.