Esako urtegian gorpuzki batzuk aurkitu zituzten joan den abuztuaren 4an, eta orain jakin da Iruñeko gizonezko batenak direla. Ez dute identifikazioaren daturik eman, ez izenik, ez abizenik, ez adinik ere, baina homizidio bat izan balitz bezala ikertzen ari da Polizia, Diario de Noticias de Navarra egunkariak kaleratu duenez.
Urtegiaren ur maila jaitsi egin delako aurkitu zituzten gorpuzki horiek; horrek eragin zuen arrastoak Esako uretan azaltzea, Zangoza parean, Nafarroaren eta Espainiako Huesca eta Zaragozaren mugaren inguruan. Aragoiko Esco herri abandonatutik gertu paseoan zebilen familia batek aurkitu zituen giza arrasto horiek. Itxura batean, iruindarraren gorpua zatikatu egin zuten urtegira jaurti aurretik.
Ejea de los Caballeroseko (Espainia) epaitegiaren esku dago auzia, eta Guardia Zibila ari zen ikertzen. Zaragozan abiatu zuten ikerketa, Zaragozakoa baita gorpua azaldu zen eremu judiziala; baina, biktima Iruñekoa denez, Nafarroak hartu du bere gain ustezko hilketaren ikerketa.