ESK sindikatuak salaketa aurkeztu du Arartekoan, Arabako ESIko zuzendaritzak espetxe erregimenean dauden amei ezartzen dien «tratu krudel, anker eta legez kanpokoa» geldiarazteko. ESKk jakinarazi du barne dokumentu batek arautzen duela Txagorritxu ospitalean erditzera doazen presoak jaioberriengandik banatzea. Sindikatuak iragarri du auzitara joko duela Osakidetzak barne prozedura bertan behera uzten ez badu.
Joan den astean, Gasteizko Txagorritxu ospitaleko atarian, ESKk eta Salhaketak salatu zuten Arabako ESIko Zuzendaritzak espetxe erregimenean dauden amek zer-nolako egoera jasaten duten. «Erditu ondoren, jaioberria amarengandik banatzen dute, jaioberrien unitatean ospitaleratzeko aginduta eta arazo sozial moduan katalogatuta», azaldu zuten bi erakundeek. Halaber, amak berak historia klinikoan sinatutako dokumentu bat jaso behar duela salatu zuten, jaioberria nori emango zaion aldez aurretik adierazteko.
«2024tik hona erditu diren bi emakume preso baino ez dituela artatu argudiatu du Arabako ESIak, baina guretzat argudio horrek ez du inolako justifikaziorik»
PATXI NICOLAUESKko bozeramailea
Jendaurreko salaketa hori auzibideetara eraman du orain ESKk. Patxi Nicolau sindikatuko bozeramaileak ohartarazi du Arabako ESIak bertan behera utzi beharko lituzkeela praktika «kaltegarri» horiek, eta gainerako emakumeei ematen dien arreta bera eman beharko liekeela preso dauden amei ere. Arabako ESIak argudiatu du 2024tik orain arte erditzera joan diren bi preso bakarrik artatu dituela, baina ESKrentzat argudio hori ez da aski praktika hori justifikatzeko. Zuzendaritzaren «erabateko zinismoa» salatu du sindikatuak, eta iragan garaietako «jarrera moralizatzailea» agerian uztea egotzi dio.
Eskubide unibertsalak «haustea»
Salaketaren oinarrian dagoen kontzeptua azaletik azalera delako praktika da. OME Osasun Mundu Erakundeak jaioberri guztientzat gomendatzen du praktika hori, Nicolauk gogora ekarri duenez: «Haurra jaiotzen den une berean amaren ondoan egoteak atxikimendu afektiboa eta egonkortasun emozionala bermatzen du».
Espetxetik ospitalera erditzera doazen amentzat, Txagorritxuko ospitaleko prozedura «giza eskubideen eta irizpide klinikoen» aurka doa. Jaioberria amarengandik berehala bereizterakoan, haurraren eta amaren arteko lehen lotura naturala «erabat» puskatzen da, eta arazo «psikologiko eta emozional» handia eragiten die biei. «Osakidetzak gainerako emakumeei bermatzen dien eskubide unibertsala ukatzea zigor erantsi eta diskriminatzaile bat da», salatu du Nicolauk.
Arartekoan egindako salaketaz gain, ESKk idazki bat erregistratu du Osakidetzako zuzendari nagusiarentzat, egoeran berehala esku hartu dezala eskatzeko. Sindikatuak ohartarazi duenez, Osakidetzako eta Arabako ESIko zuzendaritzek «temati» jarraitzen badute eta konponbiderik ematen ez badiote, Adingabekoen Fiskaltzara joko dute. Horretaz gain, beharrezko neurri judizial guztiak hartuko dituzte prozedura behin betiko bertan behera uzteko.