Garai batean Gasteizko Santa Isabel haur eskola izandakoa etxegabeentzako behin-behineko egoitza bihurtzea erabaki zuen iaz Gasteizko Udalak. Urte hartako neguan behin-behineko harrera zentro izatea, baina hortik aurrera behin betiko baliabide bilakatzea zen udalaren asmoa, eta Lucho Royero Gizarte Politiketarako zinegotziak adierazi zuen behin betiko zentro hori egokitzeko lanak «aurki» lizitatuko zirela. Urtebete geroago, ESK sindikatuak salatu du lizitazio hori ez dela oraindik egin, eta betikoturiko behin-behineko harrera zentroko baldintzak «onartezinak» direla, ez baitute langile eta erabiltzeen duintasuna eta segurtasuna bermatzen, sindikatuaren arabera.
Egungo zentroaren azpiegitura «erabat desegokia» da, ESKren iritziz, ez baitago etxegabeei arreta emateko egokituta. «Iaz, gehienez ere 24 pertsona artatu zituen zentroak. Aurten, udalak erabaki zuen 40 pertsona artatuko zirela. Hori gutxi ez, eta datorren astelehenetik aurrera beste hogei pertsonarentzako lekua egitea erabaki dute», azaldu du ESKko bozeramaile Jabier Saenzek. Edukiera handitze hori, ordea, ez dator bat zentroan egindako inbertsioarekin, orain arteko baldintzak «ez direlako duinak», sindikatuaren iritziz.
Aipaturiko azpiegituraren desegokitasunari dagokionez, eraikinak «ez du dutxarik, eta lau komun eta bi konketa ditu erabiltzaile guztientzako», zehaztu du ESKk. Garbiketarik edo desinfekziorik ere ez da egin irailean baliabidea berriro zabaldu zenetik, sindikatuak kritikatu duenez. Harrera zentroaren ordutegia udal aterpetxearena baino murritzagoa da, 22:00etatik 08:00etara baino ez baitago irekita. Horren guztiaren ondorioz, erabiltzaileak, jada egoera oso zaurgarrian dauden etxegabeak, «intimitaterik gabe pilatzen dira» zentroan, eta horrek «etengabeko gatazkak eta tentsio egoerak» eragiten ditu, eraikinaren baldintza kaskarrak direla eta.
Langileak, «muga-mugan»
Egoera horrek ez die erabiltzaileei soilik eragiten, zentroko langileek ere pairatzen baitituzte baldintza «onartezin» horiek. Lan taldea «guztiz eskasa» da eta langileak «muga-mugan» daude, ESKk salatu duenez, zentroak egun dituen berrogei erabiltzaileak artatzeko txanda bakoitzean bi langile baino ez baitaude. «Zentrorako sarbidea ezin da kontrolatu, ez da laneko arriskuen ebaluaziorik egin, eta eraikinak ez du larrialdi planik, ezta segurtasun langilerik ere», deskribatu dute egoera sindikatuko iturriek. Hori dela eta, langileak «beldurrarekin» doaz lanera, sarri haien ongizate fisikoa arriskuan ikusten baitute egoiliarren arteko gatazka egoeraren batean esku hartu behar dutenean.
Datorren astetik aurrera emango den edukiera handitzeak egoera «okerrera» eramango dutela uste du sindikatuak, udalak hogei erabiltzaile gehiago onartzeko bi langile baino ez baititu gehituko. Erabiltzaile berriak artatzeko baldintzak ere kritikatu ditu sindikatuak: «Plana 20 pertsona horiek 10 ohatzetan hartzea da, 30 metro karratu baino gutxiagoko gela batean». Baldintza horien aurrean, ESKk udalak baliabidea finantzatzeko erabilitako bidearen inguruko haserrea ere adierazi du. «Udalak, lizitaziorik egin gabe, 120.000 euroko kontratu luzatzea eskaini zion Grupo 5 Accion y Gestion Social enpresari, udal aterpetxea kudeatzen duen enpresa berari, hain zuzen ere, egoitza berria abendura arte irekita mantentzeko», azaldu du ESKk.
Enpresak 50.000 euroko irabaziak izango dituela kalkulatu du sindikatuak. Hori dela eta, baloratu dute arazoa ez dela «baliabide falta», diru publikoa «langileen eta erabiltzaileen baldintza duinak bermatzera ordez, enpresa multinazional baten irabaziak puztera» bideratu izana baizik. Gasteizko Udalari «premiazko neurriak» hartzeko eskatu dio sindikatuak, «pertsonei kalte larriak eragingo dizkieten egoerak berriro errepika ez daitezen».