Esklabo salerosketa, etxerako

Ez da salerosketa molde ezagunena, baina etxeko zerbitzuan esplotatzeko ere salerosi egiten dituzte emakumeak. Gaiaren tesia egin du Leire Berasaluze kriminologoak.

Pertsona bat etxeko garbiketa lanak egiten, artxiboko irudi batean. BERRIA.
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hedabideetan emakumeen salerosketaren aurkako kanpaina bat jarri zuten martxan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2010. urtean: Ez zaitez konplize izan leloa zuten telebistako iragarkiek eta kartelek. Prostituziora bideratutako andreen salerosketaren inguruan ari ziren. Ez zuten ezer esan, ordea, etxeko lanetarako, eskean aritzeko edo delituak eginarazteko asmotan salerosten dituzten emakumeen inguruan. Izan ere, sexualki esplotatzeko helburuz egiten den salerosketa gizartean nolabait azaleratzea lortu den arren, beste hainbat arlotan esklabo aritzeko ere salerosten dira emakumeak.

Ez da oso ezaguna, eta datuak ere urri dira. Espainiako Fiskaltza Nagusiaren 2019ko txosten baten arabera, adibidez, 2013 eta 2018 bitartean lan esplotaziorako salerosi zituzten emakumeen 166 kasu atzeman zituzten; horietako %15, etxeko zerbitzuetarako. «Garai hartan egin ziren iragarkietan prostituta bat ageri zen, eta, azken finean, jendeari hori geratu zitzaion buruan. Kontua da guk denok halako egoerak detektatu ditzakegula, baina ez ditugu beste fenomeno horiek ezagutzen», dio Leire Berasaluze EHUko kriminologoak. Etxeko zerbitzuaren eremuko gizakien salerosketa delituan sakondu du bere doktorego tesian, eta gizarte sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu. «Sexu esplotazioa da ezagunena, baina ez du zertan izan biktima gehien duen fenomenoa».

Iruzurra, non-nahi

Hala ere, kasu horiek detektatzeko orduan, nola zehazten da salerosketa egon den ala ez? «Legearen arabera, salerosketa izan dadin, pertsona hori atzeman, eta engainu bidez edo haren gogoz kontra lekualdatu behar da. Horren ondoren etorriko litzateke pertsona horren esplotazioa». Etxeko langileen kasuan, lekualdaketaren ondoren, emakumeak etxeetan esklabo gisa edukitzen dituzte. «Askotan, etxe horietako jabeek badakite pertsona hori erosi egin dutela», dio Berasaluzek. Beste kasu batzuetan, enpresa faltsuak eratzen dituzte, eta emakumeak etxe batean giltzapetzen dituzte, gero beste etxe batzuetara bidaltzeko.

Mugikortasuna ohikoa izaten da halako kasuetan, baina Euskal Herritik kanpo gertatutakoen berri baino ez du izan Berasaluzek. «Joan den urtean, Logroñon, Alfaron [Errioxa, Espainia] eta Huescako herri batzuetan zegoen sare bat detektatu zuten, 38 emakume esklabo modura zituena. Aurtengo udan ere zazpi emakume libratzea lortu dute Andaluzian [Espainia]».

Paulineren kasua da horietako bat, Espainiako Esperanza eta Sicar elkarteek egindako txosten batean ageri denez. Gabongoa da Pauline jatorriz, eta 38 urte zituen atzeman zutenean. Gineara joan zen enplegu baten bila. Oihal denda batean aurkitu zuen lana, eta han zenbait hilabetez aritu ondoren, dendaren jabeak Espainiara bidaiatzeko aukera eman zion, hango bi semeen zaintzaile aritzeko, lan baldintzak hobetzeko promesarekin. «Salerosketa migrazioaren eskutik doa. Pertsona horiek beste leku batera joan nahi dute, egoera ekonomiko eta pertsonala hobetzeko, eta haien herrian Espainiara eramango dituen norbaitekin jartzen dira harremanetan», azaldu du Berasaluzek.

Dendaren jabeak ordaindu zizkion Paulineri bidaiako gastuak. «Lan duin bat agintzen diete, eta askotan kontratu faltsu bat ere sinatzen dute. Tratanteek ordaintzen diete beti bidaia, eta esaten diete Espainian egindako lanarekin bueltatuko dietela gero dirua. Aireportura heltzen direnean, ordea, dokumentazioa eta dirua kentzen diete. Zorra, berriz, beti handituz joaten da, eta, azkenean, ezin izaten dute inoiz ordaindu». Europara heldu zenean jabetu zen emakumea engainuaz: dendako nagusiaren semeak zaintzeaz gain, beste bi adingabe ere zeuzkan bere kargu, eta etxeko lan guztiak ere eginarazten zizkioten, musu truk eta inolako atsedenik gabe. Dendaren jabearen bikotekideak eta haren amak etengabe kontrolpean zeukaten, eta ez zioten etxetik ateratzen uzten. Jatekoa ere ukatzen zioten askotan. Bi hilabeteren ondoren, beste herrialde batera lekualdatu nahi izan zuten, eta aireportuan ihes egin eta bertako langile bati bere egoeraren berri ematea lortu zuen gabondarrak. «Etxeko langileen kasuan, biktimak berak lortzen du askotan ihes egitea, edo bizilagunen bati kontatzea; bestela, ezinezkoa da kasu horiek detektatzea», dio Berasaluzek.

Legea, hankamotz

Kasuak oso larriak diren arren, legeak gabezia ugari dituela nabarmendu du kriminologoak: «Bi delitu bereizten dira kasu hauetan. Pertsonen salerosketa eta esklabotasuna. Salerosketa zigortu dezakegu, eta nahiko zigor handia dauka. Baina zer gertatzen da Espainiako Zigor Kodean? Ez daukala esklabotasun egoera bat zigortzeko deliturik». Izan ere, 2000. urtean, NBE Nazio Batuen Erakundeak pertsonen salerosketa prebenitu eta zigortzeko Palermoko Protokoloa bultzatu zuen, eta Espainiako Zigor Kodean pertsonen salerosketa zigortzen duen 117. artikulua berritu zen 2015ean, lan behartua edo esklabotza helburu zuen salerosketa ere txertatzeko. Hala ere, Esperanza eta Sicar elkarteek salatzen dutenez, sexu esplotaziorako salerosketan soilik jartzen dute arreta Espainiako prebentzio planek, legediak eta baliabideek.

Horrez gain, oso zaila da gaur egun, salerosketa ez ezik, esklabotza ere zigortzea, Berasaluzeren arabera: «Langileen eskubideen aurkako delitua aplikatu beharko genuke, baina hori ez da nahikoa esklabotza egoera bati aurre egiteko. Beraz, tratu ankerrak eta umiliagarriak dioen artikulua ere hartu beharko genuke, eta puzzle handi bat muntatu, horrelako egoera bat zigortu ahal izateko». Izan ere, Espainiak 1930ean sinatu zuen bortxazko lanaren aurkako hitzarmena, baina ez du inoiz delitu modura sailkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.