Eskola kontseiluen pisuari eutsi ahalko dio Uriartek, ituna egin baitu Madrilen

Ikastetxeko zuzendaritzaren eta kontseiluaren arteko erlazioa Eusko Jaurlaritzak arautuko du.LOMCEren aurkako salaketa ez du kenduko

Uriarte sailburua, akordioaren berri ematen, atzo. JUAN HERRERO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hezkuntza erreformak eragin txikixeagoa izan dezan, akordio bat sinatu du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin. Eskola kontseiluei buruzkoa du berritasun nagusia. LOMCEren eraginez, kontseiluak soilik kontsultarako organo izango dira aurrerantzean, eta eskoletako zuzendaritzek izango dute ahalmen handiagoa. Zeharkako bide bat egin ahalko du Jaurlaritzak itunean oinarrituta: kontseiluaren eta zuzendaritzaren arteko erlazioa zein izango den arautu ahalko du, eta, hortik, zuzendaritzei agindu aintzat har dezatela kontseiluaren ikuspegia.

Abuztuan sinatutakoa da akordioa, baina atzo eman zuten horren berri, aldizkari ofizialetan argitaratu eta gero. Bi gobernuen arteko batzarren ostean iritsi da adostasuna. LOMCEren kontra auzitara jotzeko asmoa agertuta, batzorde bat osatu zuten Gasteizko eta Madrilgo gobernuek, salaketa jarri aurretik adostasuna lortzeko. Hiru arlotan lortu dute akordioa: eskola kontseiluen egoera, euskarazko orduen antolaketa eta ikasleen onarpena. Gai nagusietan, ordea, ez dago adostasunik; curriculumean, esaterako.

Euskarari buruzko adostasuna lehen ere iragarria zuten bi gobernuek. Ereduen sistema babestea dakar, azkenean. Euskaraz gaztelaniaz baino ordu gehiago eman daitezkeela onartu du Madrilek, baina gurasoek aukera izan behar dutela gaztelaniazko ereduak hautatzeko. Kataluniaren gisako sistema bati atea itxi diote, beraz: murgiltze eredu orokorturik ez da izango. Aintzat hartzekoa da Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak goraipatu egin duela Hegoaldeko ereduen sistema, eta hori jartzeko eskatu diola Kataluniari.

Jaurlaritzaren esku egongo da euskara ikasgaiko curriculuma eta bukaerako probak zehaztea.

Konstituzionalaren zain

Madrilekin lortutako adostasuna oso garrantzitsutzat jo du Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Lorpena da». Puntu nagusiei buruzko akordiorik ez dagoela ohartarazi du, ordea, eta berretsi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela: «Euskadirena da hezkuntzako eskumena, eta LOMCEk ez du hori betetzen». Helegitea aurkeztua du Jaurlaritzak, eta tramiterako onartu du auzitegiak. Urteak igaro daitezke epaia ematerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.