Eskola pribatu segregatzaile berri bat zabalduko dute Iruñean, heldu den ikasturterako

Civitas Navarra izeneko elkarteak sustatu du Aderiz izeneko ikastetxea, eta Izaga eskolaren egoitzan ireki nahi dute, Cordovillan.

Irabia-Izaga ikastetxea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irabia-Izaga ikastetxea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko apirilaren 10a
10:30
Entzun

Diru publikorik gabe ere, hezkuntza segregatzaileari eutsiko diote Nafarroan. Hezkuntza Departamentuak ituna eten zien Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga eskolei —Opus Deirenak biak ala biak—, LOMLOE legeak debekatu egiten baitu ikasleak sexuagatik bereizten dituzten zentroak diru publikoekin finantzatzea. Helegitez, behin-behineko ebazpenez eta kautelazko neurriz beteriko prozedura luze baten ostean, bi zentro horiek amore eman behar izan zuten, eta iragarri zuten ikasgela mistoak eskainiko dituztela ziklo guztietan, heldu den ikasturtetik aurrera ere finantzaketa publikoari eutsi ahal izateko. Ikastetxe horietako guraso talde bat, baina, kexu azaldu da azken hilabeteetan: orain arte bezala segitu nahi dute, neskak eta mutilak eraikin ezberdinetan banatzen, eta prest dira diru publikoari uko egiteko. Eskola pribatu berri bat sortuko dute, Aderiz izenekoa, hezkuntza segregatzaileari eutsi ahal izateko. Izaga eskolaren zati batean ireki asmo dute ikastetxe berria.

Ikastetxe berriaren sustatzaileek prest dute webgune bat, www.colegioaderiz.com, eta bertan, proiektuaren berri emateaz gain, 2024-2025eko ikasturtean izena emateko aukera eskainiko dute. Oraingoz, baina, webguneak ez du informaziorik ematen: soilik mezu bat, esanez gaur 19:30ean argitaratuko dutela proiektua. Aderiz ikastetxea «administrazio publikoarekiko independentea» izanen da, ikasleak sexuka bereiziko ditu, eta «hezkuntza eleaniztuna» eskainiko du: ingelesa, frantsesa eta gaztelania eskainiko ditu eskola hizkuntza gisa.

Civitas Navarra elkarteak sustatuta

Horri buruz galdetuta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok azaldu du Civitas Navarra izeneko elkarte batek erregistratu zuela ikastetxe berri bat zabaltzeko eskaera, iragan martxoaren 5ean. Zehazki, Lehen Hezkuntzako hamar ikasgela eta 250 ikaspostu hartzeko baimena eskatu diote Hezkuntza Departamentuari. Kontseilariak azaldu duenez, eskaera erregistratu ostean «bi eta bost hilabete arteko prozedura administratiboa» abiatuko du Nafarroako Gobernuak, argitzeko ikastetxe berriak legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen ala ez: «Ikastetxe pribatu berri bat sortzeko, 132/2010 errege dekretua bete beharko dute, lehenik eta behin; eta, horrez gain, kudeaketa eta hezkuntza dokumentu guztiak aurkeztu, besteak beste, hezkuntza proiektua», azaldu du Gimenok.

Bestalde, zeresana eman du ikastetxe berriaren kokalekuak ere: Cordovillan ireki nahi dute, Irabia-Izaga ikastetxearen egoitzaren barruan. Ikastetxe pribatu segregatzaile bat itunpeko zentro misto baten barruan eraikitzea «legeari iruzur egitea» ote den galdetu diote kazetariek kontseilariari, eta honek adierazi du ikastetxe berriak «zorrotz» bete beharko duela legean ezarria dagoena: «Oraingoz, ezin dut gehiago esan, ez baitakit zertan den auzia, baina Hezkuntza Departamentuko azpiegitura teknikariek ikuskatu beharko dute, batetik, ea Izaga ikastetxeak konplitzen ote dituen gutxieneko neurriak, beste eskola bat hartu ahal izateko; eta, bestetik, araudian argi ezarria dago bi zentroek —Aderiz eta Izaga— bi ikastetxe independente izan behar dutela eta erabat bananduta egon beharko dutela, bai espazioei dagokionez, bai ikasleen denboraren antolaketari dagokionez. Bi zentroek bereizita egon beharko dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.