Misto bihurtuko dira Opus Deiko bi ikastetxe, finantzaketa publikoari eusteko

Irabia-Izaga eta Redin-Miravalles ikastetxeetan, batera izango dituzte mutilak eta neskak hurrengo ikasturtean.

Irabia-Izaga ikastetxea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 13a
20:20
Entzun

Irabia-Izaga (Iruñea) eta Redin-MIravalles (Zizur, Nafarroa) Opus Deiko ikastetxeak mistoak izango dira hurrengo ikasturtetik aurrera. Egun neskek eta mutilek leku ezberdinetan ikasten dute, baina 2024ko irailetik aurrera jardun hori alboratuko dute diru publikoa jasotzen jarraitu ahal izateko. Bi eskolek esan dute «legeak behartuta» hartu dutela erabakia.

Segregazioaren aurkako auzibide luze baten amaiera da hau. Bi ikastetxe horiek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta. Mutilek Irabiako eta El Redingo eraikinetan ikasten dute, Txantrean; eta neskek, haiengandik zazpi kilometrora, Miravallesen eta Izagan. Ikastetxe horiek Zizurren (Nafarroa) eta Cordovillan (Nafarroan) daude, hurrenez hurren. Haur eskolan, ordea, bi sexuetako ikasleak nahasten dituzte.

Bi eskolen artean 4.000 ikasle inguru dituzte, eta mutilek eta neskek leku ezberdinetan ikasten dute. Zazpi kilometro daude batzuen eta besteen eraikinen artean.


Bi eskolek ohar bidez jakinarazi dute aldaketa, eta erabakiaren jatorria zein den ikusita, onartu dute «penaz» egiten dutela. Haien arabera, LOMLOEk «hezkuntza banatuari» eginiko «eraso bortitza» da erabakiaren jatorria, «finantzaketa debekatzen» dielako eredu horren alde egiten duten familiei.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak azaroaren 3an emandako ebazpena dago aldaketaren atzean. Epaileen arabera, segregazioa amaitu ezean bi eskolek ezingo dute diru publikorik jaso 2025-2026ko ikasturtetik aurrera. Egun Nafarroako Gobernuarekin duten ituna urte horretan amaituko da.

Azaldu dutenez, «legeak behartuta» hartu dute erabakia, eta berretsi dute Opus Dei elkarte ultrakatolikoarekin harremana izango dutela aurrerantzean ere. Miravalles-El Redinek 2.395 ikasle ditu, eta Irabia-Izagak, berriz, 1.900.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.