Hezkuntza

Eskola publikoa "ardatz" bihurtzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 4a
12:35
Entzun

Eguraldia lagun, festa giro alaiean ospatu dute, Lekeition (Bizkaia), Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. Dantzak, musikak, jolasak eta ikuskizunek hartu dituzte herriko kaleak, hezkuntza publikoaren balioa aldarrikatzeko.

EHIGE guraso elkarteen federazioak balio hori aitortzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren "ardatz" bihurtzeko galdegin dio, hura delako aukera berdintasuna bermatzen duen eredua.

Guraso elkarteen esanetan, "EAEko hezkuntza sistema anomalia bat da bai Euskal Herrian eta bai Europako Batasunean ere". Nabarmendu dute Europan erakunde publikoek eskola publikoaren alde egiten dutela, eta eredu publikoak, batez beste, "sistema osoaren %80 gainditzen" duela. "Eskola publikoak hazi nahi du, eta, horretarako, erakunde publikoen babesa behar dugu. Guztiok dakigunez, hezkuntza eskubide bat da, eta soilik botere publikoek dute hura bermatzeko ahalmena; beraz, Euskal Eskola Publikoaren zeregin egituratzailea eta funtsezkoa aitortu behar dute", adierazi dute.

Jaian parte hartu du Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta hark eredugarri jo du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistema. Espainiako hezkuntza sistemarekin alderatu du. Haren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, estatuan ez bezala, hezkuntza itun "egonkorra" lortu da, eta hezkuntza "lehia politikotik" salbu gelditu da. Espainian, aldiz, "zazpi hezkuntza lege" onartu direla nabarmendu du.

Horrez gain, Uriartek gaineratu du hiru herrialdeetako hezkuntza sistemak ez duela etsi "inposizioen aurrean".

Datorren urtean, Errenterian (Gipuzkoa) izango da eskola publikoaren aldeko festa. Julen Mendoza Errenteriako alkatea Lekeition izan da, gaur, lekukoa hartzeko.

Euskal Eskola Publikoari babesa agertu diote hainbat alderdi politikotako ordezkariek ere. Jaialdian izan dira EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko politikariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.