Eskola publikoko irakasle urritzea salatzeko kexuak eta greba deialdia

Iparraldean datorren ikasturtean 15,5 postu kendu nahi dituzte, eta 7,5 jarri; eta, guztira, 34 kendu departamenduan

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Departamenduko Hezkuntza Batzordeak heldu den ikasturteko eskola karta aztertuko du heldu den astelehenean, eta dagoeneko sindikatuen haserrea piztu da: Paueko Akademia Ikuskaritzak departamendu osoan 34 irakasle kendu nahi ditu eskola publikoan. Teorian Philippe Couturaud akademia ikuskariak prestatu duen zerrenda bilkura horretan ezagutu behar zuten sindikatuek. Alta, aitzinetik eskuratu dute, eta dagoeneko protestak iragarri dituzte irakasle eta gurasoek. Zerrenda ofizialean agertzen ez badira ere, Lapurdiko bi ikastetxetan, Hendaiako Lizardi eskolan eta Ziburuko Marinelan postu murrizketak igurikatzen dituzte, eta protesta egiteko bi eskolak okupatuko dituzte bihar arratsaldean. Bide batez, astelehenerako grebarako deia egin dute.

Hezkuntza publikoko sindikatuek urtarrilean iragarri zuten Philippe Couturaud Paueko akademia ikuskariak 29 irakasle postu kendu nahi zituela departamenduan. Dagoeneko kopuruairagarritakoa baino handiagoa da, 34 irakasle. Oraindik zerrendak ez dira argiak, nahasmena sortzen baita postu osoen eta postu erdien murrizketekin. Ipar Euskal Herriari doakionez, orotara 15,5 lanpostu kendu nahi ditu akademia ikuskariak, eta, aldi berean, 7,5 eman. Kopuru hori aldatzen da lanpostu osoen eta erdien nahasmenean. Hala ere, sindikatuek azpimarratu dute apirileko aurreikuspenak direla horiek eta kopurua molda daitekeela iraila bitartean. Hala ere, orotara 29 lanpostu kenduko dituztela salatu dute irakasleen sindikatuek.

«Lotsagarria da, kopurua sekula baino handiagoa izateaz gain, 29 lanpostu horiek lortzeko irakasleak kenduko dizkietelako zailtasunetan diren haurrei», salatu du Katti Petrissans SNUipp sindikatuko ordezkariak. Heldu den astelehenean biltzekoak dira Pauen akademia ikuskariarekin, eta haien haserrea helaraziko diete. Egun berean, grebara deitu dute eskoletan. Gurasoek ere parte hartuko dute, eta dagoeneko eskola okupazioak iragarri dituzte astelehenerako.

Lanpostu murrizketa handiena Biarnon gertatuko da. Baina zailtasunetan diren haurren irakasle lanpostuez gain, murrizketa handienak hiri handietan gertatuko dira. Zuzendari postuetan aurreztu nahi du akademia ikuskariak. Lehen maila eta kolegioak egitura bakar batean bildu nahi dituzte, adibidez, Atharratzen (Zuberoa).

Euskarazko lanpostuak libratu dituztela dio Petrissansek. Izan ere, eskola publikoko ikasgeletan murgiltze ereduan baino ikasle kopuru handiagoa dagoela azpimarratu dute sindikatuek. Batez bertze lehen mailako ikasgela bakoitzean 22 neska-mutil daudela diote; Seaskan, berriz, 18 daude.

Ikastolak kexu

Beraiei dagozkien murrizketei buruzko erabaki ofizialik izan arte ez dela mintzatuko adierazi dute Seaskako ordezkariek. Alta, ikastolak haserre dira, eta dagoeneko hainbat mobilizazio egin dituzte. Bigarren mailako kolegioen eta Etxepare lizeoaren aitzinean elkarretaratzeak egin dituzte azken asteotan. Paueko Akademiak 70 oren kendu nahi dizkie astero, alegia, bizpahiru irakasleren heina. Lehen mailako ikastolak ere kexu dira. Datorren sartzean 120 haur gehiago egonen dira Seaskako lehen mailetan, baina akademiak ez die baliabide gehiagorik eman nahi. 2009an Seaskari hiru urtean 11 irakasle gehiago emanen zizkiotela adostu zuten akademiarekin. Seaskak ordaintzen ditu irakasle horiek eta, hala ere, kendu nahi dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.