Eskola umeen gurasoek ikastetxean bertan euskara doan ikasteko modua izango dute

UEMAk eta AEK-k gaur egin dute 'Etorri euskarara' ikastaroen aurkezpena, Aizarnazabalen; aurrematrikula martxan da, eta urrian hasiko dira ikastaroak. 40 udalerritan eskainiko dira, 45 eskolatan. Euskaraz ez dakiten gurasoen «beharretara» egokituta daude.

'Etorri euskarara!' ekinbidearen aurkezpena, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
'Etorri euskarara!' ekinbidearen aurkezpena, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 29a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gol. Ia gol». Aizarnazabalen, gaur, eguerdian, eskolako jolastokian, haurrak euskaraz, jori. Gaztelania ere tartekatuta: «Te lo juro [zin egiten dizut]» Soziolinguistek «arnasgune» deitzen duten horietako bat da Gipuzkoako udalerria. Eskolako atarian bezala, gainerako eremu askotan ere nagusi da euskara. Azkena egindako neurketen arabera, elkarrizketen %90etik gora euskaraz izaten dira herrian. Hori babesteko, eta herrira kanpotik heltzen diren bizilagun berrientzat ere euskara arrotz ez izateko tresna bat gehiago izango dute heldu den ikasturtetik aurrera: euskaraz ez dakiten gurasoek herriko eskolan bertan euskara doan ikasteko ikastaroak abian jarriko dituzte AEK-k eta UEMAk. 

Arratsaldean egin dute Etorri euskarara! ikastaroen aurkezpena, Aizarnazabalen bertan. Propio euskaraz ez dakiten gurasoen «beharretara» egokitutako ikastaroak izango dira. Egitasmoaren helburua da guraso horiek euskara «modu praktikoan eta eraginkorrean» ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan eta eskola orduetan. Horretarako, AEK-k gurasoen beharretara egokitutako metodologia bat prestatu du, ez dituena «ziurtagirien» eskakizunak ardatz: helburua da gurasoek seme-alaben ikasketa prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea eta harremanetarako «oinarrizko ezagutza» eskuratzea. 

Urrian abiatuko dira ikastaroak, eta 150 ordukoak izango dira. Astean bi saio egingo dituzte, bina ordukoak. Ikastetxean bertan eta eskola orduetan eskainiko dira beti. Dagoeneko zabalik da aurrematrikula, eta ekainaren 30era arte egongo da irekita. Izena emateko aukera egongo da ikastetxeetan eta online. UEMAko udalek finantzatuko dituzte ikastaroak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako udalerrietan, UEMAko udalek, eskualdeetako mankomunitateek eta UEMAk berak.  Egitasmo hau Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan proiektuaren harira sortu da. 40 herritan da abian, eta, hain zuzen, egitasmoa martxan den udalerrietan eskainiko dituzte orain euskara ikastaro hauek, 45 ikastetxetan denera.

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak nabarmendu du «estrategikoa» dela egitasmoa. «Gurasoak euskarara hurbiltzea ezinbestekoa da haien seme-alabek etxean euskararen aldeko diskurtsoa jaso dezaten». AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok, berriz, gogoratu du AEKrentzat berebiziko garrantzia duela ate berriak irekiz joateak. Horregatik, UEMAk egindako proposamena aukera «paregabea» iruditu zaie. Gogoratu du euskara ikastaroak «doan» izatea AEKren aldarrikapen nagusietako bat ere badela, eta bide horretan udal hauek egingo duten «ahalegina» goraipatu egin behar dela. 

 Aramendik nabarmendu du udalerri euskaldunek «ekosistema» ona dutela euskalduntzen laguntzeko, baina bide batez «plaza» askotan erdarak nagusitzen ari direla, eta horregatik egin dutela ikastaro hauen aldeko apustua. 

«Berariazko» metodologia

AEKren Irakaskuntza arduradun Maialen Otegik azaldu du «berariazko» zer metodologia landu duten ikastaro hauetarako: «Batetik, eskoletan, edukiak eta estrategiak eskainiko dizkiegu, hizkuntza barneratu eta euskarazko komunikazioa errazteko; bestetik, garrantzia emango diogu eskolez kanpoko lanari». «Erreferentziazko» bidelagunak ere izango dituzte ikasleek bidean. Bide horretan, ezinbestekoa izango da gainerako bizilagunen esku hartzea. «Horregatik, dei egiten diegu Etorri euskarara! ikastaroak martxan jarriko diren herrietako guraso euskaldunei bidelagun izan daitezen».

Aizarnazabalgo alkate Mari Karmen Arregik uste du ikastarook «benetan ikasleek behar duten hori» eskainiko dutela, eta horregatik direla garrantzitsuak. Hizlarien artean egon da herritar bat ere, Roberto Reyes. Mexikon sortua da, hiru urte daramatza Aizarnazabalen, eta ondo jabetu da euskararen garrantziaz. «Komunikatzeko» nahi du: «Bideak irekitzeko». Izena emango du. Arrate Makazaga Basakaitz herri eskolako zuzendariak ere goraipatu du ekinbidea, eta harago ere egin behar dela nabarmendu du, eskolaz kanpoko ekintzek-eta umeen bizitzan duten tokia gogora ekarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.