Elkarrengandik hurbil dauden eskolak integratzearen aldeko apustua egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Bateratze bidean jarri ditu Bizkaiko hainbat ikastetxe, tartean Deusto eta Deustuko Ikastola. Zentro horiek batzeko prozesuaren harira, agerraldia egin du gaur EH Bilduk: «goitik behera inposatutako» prozesu bat bideratzea egotzi dio Hezkuntza Sailari, eta eskolak fusionatu edo itxi ordez «bestelako neurriak» hartzeko eskatu du. «Eskolak fusionatzea edo ixtea ez da konponbidea».
Eusko Legebiltzarreko ordezkari Ikoitz Arresek eta EH Bilduko udal taldeko eledun Maria del Riok hartu dute hitza. Salatu dute bateratze prozesuan ikuspegi «pedagogikoaren» ordez beste batzuk gailendu direla. «Gauzak horrela eginda ez diogu aurre egingo segregazioari», abisu eman du Arresek. Beste hainbat neurri hartu behar direla gogoratu du: ratioak jaistea, euskalduntzean sakontzea, eta egun zentroetan dauden proiektu pedagogikoak sustatzea.
Hezkuntza zentroek auzoetako bizitzan duten garrantziari erreparatu nahi izan dio Del Riok. «Gure auzoen pultsua dira». EH Bilduk Bilboko eskola publikoak dinamizatzeko hainbat proposamen egin dituela gogoratu du.