Eskolan ere, neskak ezkutuko lanetan, eta mutilak eremu publikoan

Hezkuntza lanetan ageri diren genero desberdintasunak aztertu dituzte Patricia Martinezek eta Delicia Aguadok, Emakunderen beka batekin

Delicia Aguado, Miren Elgarresta eta Patricia Martinez, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Talde lanek ikasleen arteko ikasketa aktiboa ahalbidetzen dute, eta beste zenbait gaitasun sustatzen dituzte; oinarrizko baloreak dira guztiak». Eta eredu horrek, ikasgai positiboak dituen bezala, alderdi negatiboak ere baditu, Patricia Martinez Garcia eta Delicia Aguado Pelaez ikerlariek ondorioztatu dutenez: genero rolek eta arauek eragindako desberdintasunak ere islatzen dira praktika horietan, eta, hala, neskak ezkutuko lanez arduratu ohi direla, eta mutilak, berriz, jendaurrekoez. Genero-desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza arloko ikerketa ekintza izeneko lanean aztertu dute auzia, Emakunderen beketako bat jasota, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Gasteizen, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak lagunduta.

Genero arauek indar handia dutela azpimarratu zuen Elgarrestak: «Eremu guztietan dute eragina, eta ikerketa horrek eremu konkretu batera begiratu du: talde lanetan batzuek eta besteek betetzen dituzten funtzioetara». Bigarren mailako hezkuntzan eta unibertsitatean gertatzen da, eta fenomeno hori amaitzeko «genero ikuspegitik hausnarketa egin behar» dela erran zuen.

Aguadok azaldu du genero arauak direla lanaren oinarria: «Ikusezinak dira, txikiak garenetik aktibatuz doazen espektatibak dira, eta hezi ahala jasotzen ditugunak». Hori kontuan hartuz, arau horiek talde lanetan aktibatzen ote diren ikusi nahi zuten ikerketan, eta, hala balitz, horiei aurre egiteko martxan jartzen ahal diren estrategiak prestatu. Ikerketak aurrera egin ahala, ikusi dute eskolako lanen parte publikoa aurkezpena, adibidez— gizonek egin ohi dutela, eta pribatua zuzenketak edo dokumentazio lana—, berriz, emakumeek.

Neskek talde lanetan duten rolarekin lotutako zenbait ezaugarri ere aipatu ditu Aguadok. Norberak bere buruari anitz exijitzea da horietako bat: beraienak ez diren ardurak hartu ohi dituzte emakumeek, eta guztia bikain egiteko beharra dute. Gainera, nesken artean inpostorearen sindromea ere agertu ohi da, eta horrek sinetsarazten die ez direla espazio publikoan egoteko behar bezain onak. Gizonetan, berriz, kontrakoa gertatzen da: «Zigor handiagoa sentitzen dute hitza ez hartzeagatik, hitz egin eta hanka sartzeagatik baino». Ezaugarri horiek orokorrak badira ere, pertsona batetik bertzera ere aldatzen dira.

Ikerketaren arabera, enpatia ere bada bi talde horiek bereizten dituen ezaugarri bat. Emakumeak arduratu ohi dira taldekide guztien ongizate emozionala ziurtatzeaz. Gizonak, ordea, «deseroso» sentitzen dira sentimenduez solastatzean.

Aldaketa ikasgeletan

Ezaugarri horiek guztiek «errekonozimendua baldintzatzen» dutela erran du Aguadok; lan pribatuak ez bezala, publikoak aitortuta eta baloratuta daudelako. Martinezek azaldu du ikerketan zenbait proposamen egin dituztela «berdintasunezko ikasgelak sortzeko». Oinarrizkoena «desberdintasunak problematizatzea» dela zehaztu du, eta, horretarako, «desberdintasunak existitzen direla onartzeko jarduerak egitea». Bertzetik, orain arte baloratu ez diren lanak baloratzearen garrantzia ere aipatu du: «Ikusezina ikusaraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.