Esku hartze sozialeko ehunka langilek bat egin dute etxebizitza eskubidearen aldeko grebarekin

Salatu dute sektoreko lan karga handitu egin dela, eta egunero egiten dutela lan etxebizitzaren espekulazioaren «ondoriorik gordinenak» pairatzen dituzten herritarrekin, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin sinatutako adierazpen batean.

Bat egitearen berri emateko agerraldia, gaur. EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Bat egitearen berri emateko agerraldia, gaur. EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
maddi iztueta olano
2026ko azaroaren 9a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko esku hartze sozialeko ehunka langilek bat egin dute etziko etxebizitza eskubidearen aldeko greba deialdiarekin. Hala jakinarazi du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, ohar bidez, adierazpen bateratu bat sinatu baitute sindikatuko kideek eta gizarte arloko zenbait enpresetako mila langile inguruk. Salatu dute sektore horretako langileek egunero egiten dutela lan etxebizitzaren espekulazioaren «ondoriorik gordinenak» pairatzen dituzten herritarrekin.

Lanuzte orokorrari begira, adierazpenaren sinatzaileek hiru aldarrikapen finkatu dituzte: espekulatzaileak desjabetzea, langile klasearen beharrak lehenesteko; espekulazioa debekatzea, etxebizitzak negoziorako tresna izateari utz diezaion; eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea, herritar guztien eskubide izan dadila bermatzeko. Besteak beste, adierazpenarekin bat egin dute Bizgarri elkarteko eta Bizkaiko Gurutze Gorriko langile batzordeek, eta Accem Nafarroako eta Iruñeko Aldezar elkarteko langile asanbladek.

Azaldu dutenez, gora egin dute etxebizitzaren prezioek, eta, horren ondorioz, «langile klasea pobretu» egin da. Hala, salatu dute zaildu egin dela etxe bat eskuratzea eta emantzipatzea, eta etxegabetzeak areagotu egin direla. Egoera horri aurre egiteko, baina, ez dago nahikoa baliabide publiko: «Horren adierazle dira larrialdietarako etxebizitzen eskasia, adingabeentzako zentroen itxierak eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren murrizketak». 

Merezimenduaren diskurtsoa

Baliabide publikoen faltan, salatu dute handitu egin dela esku hartze sozialeko langileen lan karga, eta aldatu egin dela lana bera ere. «Uste da Gizarte Zerbitzuen eginkizuna laguntzak nork merezi dituen eta nork ez bereiztea dela. Ondorioz, gure lanari gero eta kontrolerako funtzio gehiago exijitzen zaizkio, pertsonen autonomia sustatzea ardatz izan beharko lukeen esku hartzearen kaltetan», nabarmendu dute. Eta gogorarazi dute pobretuta dauden herritarrak ez direla beren egoeraren «errudun»; kontrara, diskurtso horrek etxebizitzaren negozioaren eta baliabide publikoen erantzukizunari izkin egitea duela helburu. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA