Erne Euskalduna jauregian egiten ari da polizia ereduari buruzko jardunaldiak bi egunez. Biltzarra baliatuta, elkarretaratzea egin zuen jauregiaren aurrean Ertzaintzaren pilota batek buruan jota hil zuen Iñigo Cabacasen aldeko Iñigo Gogoan herri plataformak. Bai Ertzaintzak, bai agintariek Cabacasen auzian izan duten jarrera ikusita, plataformak ez du gauza onik espero haien aldetik. Jardunaldiak ere, orain arteko arduragabekeria ezkutatzeko amarrua direla uste du; gizartean piztutako eztabaida itzaltzeko antolatu direla. «Eskuak odolez zikinduta dauzkatenen aurpegia garbitu» nahi izatea egotzi die antolatzaileei. Eta polizia ereduari buruz benetako hausnarketa egin nahi badute, eztabaida zabala egiteko eskatu die; mota guztietako gizarte eragileen parte hartzea ahalbidetzeko.
Plataformako kideak protestan ari ziren une berean, auziari buruz eztabaidatzen ari ziren alderdietako kideak jardunaldietan. PPk, PSEk, UPDk eta EAJk bat egin zuten adierazpenetan: Cabacasen heriotza «tamalgarria» izan zela esan zuten, baina edozein neurri eskatzeko auzitegiaren ikerketaren zain egon behar dela.
«Inork ez zuen hiltzeko borondaterik», esan zuen PSEko Mikel Gonzalezek. «Hori bakarrik falta genuen!», aurpegiratu zion EH Bilduko Arzuagak. Gertatutakoaren larritasuna justifikatu nahi izatea bera oso larria dela azaldu zuen, eta auzia argitzeko eskatu. Horretarako, erasotzeko agindua eman zuen Ertzaintzako buruzagiari zein lehen eta oraingo sailburuei legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu duela jakinarazi zuen Arzuagak.
Polizia ereduari buruzko jardunaldiak
«Eskuak zikin dituztenen aurpegia garbitu nahi dute»
Iñigo Gogoan plataforma protestan zen bitartean, Cabacasen heriotza «tamalgarria» izan zela adierazi dute alderdiek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu