Laugarren greba eguna aitzina eraman dute Donibane Lohizuneko (Lapurdi) poliklinikako langileek. Badu zenbait hilabete larrialdien zerbitzua egoera txarrean dagoela, zenbait gauez hestera behartuak izan direla, eta, azkenean, poliklinikako zuzendaritzak deliberatu zuen larrialdi zerbitzuak aitzina egiteko kontratua ez berritzea, hau da, larrialdi zerbitzuak ixtea. Eragileak beldur dira erabaki horrek ekarriko dituen ondorio nabarmenez, batez ere beste larrialdi zerbitzuetan eraginen dituen jende saldoez, Baionan eta Donapaleun (Nafarroa Beherea).
Grebalariek «neurri zehatzak berehala ezartzea» galdegiten dute, baita «lan baldintza duin eta errespetuzkoak» ukaitea ere. Horiez gain, bistan dena, «larrialdietako zerbitzua mantentzea» eskatzen dute, eta, beraz, «zerbitzu horren iraupena bermatzeko behar diren baliabide guztiak mugiaraztea».
Mirentxu Aramendi poliklinikako erizaina da, eta greban egona da astelehenetik. «Ebakuntza gelak hetsiak ziren denak. Oheetan diren pazienteei dagokienez, aldiz, arduradunek egin dituzte lanak arta aringarrietan, zahar etxean edo ebakuntza ondokoetan». Horrela, langileek greba egin ahal izan dute.
Donibane Lohizuneko poliklinikak aitzina eramaten duen osasun estrategia zalantzagarritzat jo dute anitz eragilek. ARS eskualdeko osasun agentziak berak larrialdi zerbitzua irekirik atxikitzeko gogoa erakutsi du, jakinez eta ARSarekin direla kontratu horiek berritzen. «Zerbitzua mantentzearen aldeko mobilizazioek agerian uzten dute poliklinikak hasieratik bultzatzen duen jarduerari eusteko nahikunde sendoa: izan ere, larrialdi zerbitzu horrek erreferentziazko osasun zentro bilakatzen lagundu du poliklinika».
Mobilizazioek, hain zuzen, aitzina egin dute gaur, laugarren egunez. Donibane Lohizuneko auzapez Jean François Irigoienek eta Frantziako Asanblean hautesbarrutiko diputatu den Peio Dufauk elkarretaratzera deitu zuten joan den ostiralerako, poliklinikaren aitzinean, larrialdi zerbitzua irekirik mantentzearen alde. Eta, astelehenean, greba aldiari hatsarre eman zioten langileek, CFDT sindikatuak bultzaturik batez ere: «Beren lan baldintzak defendatzeko, kalitatezko artak errezibitzeko eta Donibane Lohizuneko larrialdi zerbitzua iraunarazteko».
Zuzendariarekin bilkura
ARSak gaur agertu duen agirian iragarri du «laster» biltzekoa dela poliklinikako zuzendari nagusiarekin, galdegiteko dosier berria aurkeztu diezaiela larrialdi zerbitzuaren kontratua berritzeko bidean. Erraterako, kontratu hori berritu ezean, zerbitzua irailaren 16tik goiti hetsia izanen da, eta, beraz, epe hori aitzin egitekoa dute bilkura.
Artean, sindikatuek elkarrizketan jarraitzen dute zuzendaritzarekin. Goizean laugarren greba egunerako deialdia zabaldu dutelarik, azaldu dute «elkarrizketak aitzina doazela», baina aitzinamenduak, hain zuzen, ez direla «nahikoak» mobilizazioa gelditzeko. Bihar goizera arte daude greban, eta 07:00etan jakinaraziko dute aitzina eginen dutenetz bihar ere.
Aramendik azaldu du, dena den, erantzun finkorik ez dutela ukanen aste honetan, baina pixka bat berantago bai, irailaren 16a aitzin, ezinbestean. «Kontratu luzeagoan diren langileak behar ditugu, bestela egun baterako besterik ez baitira heldu, eta ez dakigu nola lan egiten duten. Egunetik egunera, ez dakit laguntzailerik ukanen dudan ene eguneko lanen egiteko, edo zenbat ukanen ditudan...». Hori lortu dute negoziatzea, eta irailera bitarte, gutxienez, behar lituzkete kontratu mugatu luzeagoak dituzten lankideak ukan; espero dute larrialdien zerbitzua mantentzen baldin bada orduan kontratu mugagabeak bilakatzen ahalko direla.
ARSak, berriz, segurtatu nahi izan du arduratuko dela ardurapean dituen «osasun egitura guztiak hobeki eta gehiago» elkarlanean jardunarazteaz, «herritarren eta lurraldearen zerbitzura».